Ekonomia -
Adeccoren txostena
EAEko emakumeek 18 hilabete inguru ematen dituzte lan bila
Euskadin 2014an emakumeek lortutako lanpostuen % 88 45 urtetik gorako emakumezkoek eskuratu zituzten.
Erredakzioa
Martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta, emakumearen lan-merkaturatzearen inguruko txostena zabaldu du Adeccok.
"Emakumea, lan-merkatuaren baztertze arriskupean" izenburuko txostenak hainbat ondorio plazaratu ditu, tartean, EAEko emakumeek 18 hilabete inguru ematen dituztela lanaren bila.
Langabezian dauden emakumeen profila hau izaten da: 45 urtetik gorako emakumeak izaten dira, bigarren mailako formakuntza izaten dute, eta bi urte daramate lanik gabe.
Adeccoren txostenak ondorioztatu duenez, 45 eta 65 urte bitarteko 6.500 emakumezkok lan-merkatuan lana bilatzera behartuta ikusi dute euren burua, krisiak murriztu egin baititu etxeko diru-sarrerak.
Euskadin 2014an emakumeek lortutako lanpostuen % 88 45 urtetik gorako emakumezkoek eskuratu zituzten. Guztira, 5.000 lanpostu sortu ziren iaz, eta horietako 4.400 emakumeentzat izan ziren.
Okupazio-tasak gora egin zuen 2014an, baina 45 urtetik gorako 25.500 emakumezko daude langabezian; krisia hasi zenean baino % 147 gehiago.
Txostenaren arabera, lana lortu duten 45 urtetik gorako emakume horietako batzuk (% 11) logelako zerbitzari gisa ari dira lanean ostatu eta hoteletan, eta teleoperadore (% 5,7), sukalde-laguntzaile (% 5,2) eta garbitzaile (% 4,6) gisa ari dira beste asko.
Urritasunen bat duten emakumezkoei dagokienez, horien kontratazioen kopuruak % 30 egin zuen gora iaz. Adeccoren bidez lanposturen bat lortu zuten emakume horien profila honako hau da: 25 eta 35 urte bitartekoa, oinarrizko ikasketak ditu, eta dendari (% 6) edo langile (% 4) bezala lortu du kontratua.