Ekonomia -
Erandio
ELA: 'Befesan zauritutakoa azpikontratatuta eta babesik gabe ari zen
Beharginak gorputzaren % 80 du erreta eta "larri" dago. Beste lau lankide ere zauritu ziren lan-istripuan.
Agentziak | Erredakzioa
ELA sindikatuak gaur, astelehena, adierazi duenez, atzo Befesa enpresan (Erandio) lan-istripua izan zuen gizonezkoak (gorputzaren % 80 du erreta) azpikontratutako enpresa bateko langilea da eta ez zuen behar adina babesa lan egiteko.
Ohar baten bidez, ELAk gertatutako lan-istripua salatu du. Gorputza erreta duen pertsonaz gain, haren beste lau lankide ere zauritu ziren.
Sindikatuaren arabera, larri dagoen langilea azpikontratatutako enpresa batean lan egiten zuen eta plantako labea garbitzea egokitzen zitzaion.
Antza denez, hondakinak kentzeko sistema ez zebilen eta, hori dela eta, zauritutako langilea eskuz ari zen pilatutako zaborra kentzen.
Une zehatz batean, hondakinek (tenperatura handiarekin) plast egin eta langileari erredurak eragin zizkioten, baita beste lau lankideri ere.
ELAren hitzetan, hondakinak pilatu eta kentzeko erretilua "matxuratuta egon ohi da, arazo teknikoengatik", eta "ez da lehen aldia langileek eskuz egin behar dutela, ekartzen duen arriskuarekin".
Era berean, nabarmendu du langileak ez zituen babesteko behar diren arropak, eta eduki izan balitu, ezbeharraren ondorioak apalduko zituzten.
"Argi geratu da" koordinazio falta prebentzioaren arloan, enpresa nagusiaren eta azpikontratatutakoaren artean, eta horrek "istripuak izateko arriskua areagotzen du" eta agerian uzten du lan baldintza kaskarra istripu eragile handiena dela.