Ekonomia -

Energia sektorea

Shellek BG Group lehiakidea erosiko du, 64.400 milioi euro ordainduta

2015eko transakzio handiena eta azken hamarkadan sektorean egin den operazio garrantzitsuena da.

Petrolioaren merkatzeak tankerako operazioak areagotu ditu. EFE
Petrolioaren merkatzeak tankerako operazioak areagotu ditu. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Royal Dutch Shell petrolio konpainia anglo-holandarrak BG Group lehiakide britainiarra erosteko akordioa itxi du: 47.000 milioi libera esterlina (64.400 milioi euro) ordainduko ditu. 2015eko transakzio handiena eta azken hamarkadan sektorean egin den operazio garrantzitsuena da honakoa.

BGko akziodunek titulu bakoitzeko 383 penny (dirutan) eta Shell B motako 0,4454 akzio jasoko dituzte. Bestela esanda, akzio bakoitzak 13,67 libera esterlina (18,73 euro) balioko du. BGko akziodunek konpainia berriaren % 19 kontrolatuko dute.

Shell munduko hirugarren petrolio konpainia da. Operazio honi esker, gas natural likidotuaren eta ur sakonen alorrean duen presentzia areagotuko du konpainiak. Izan ere, BGrekin egindako bat-egitearekin, gas eta petrolio erreserbak % 25 eta ekoizpen ahalmena % 20 handituko ditu.

Erosketa operazioak areagotu dira petrolioa merkatzearen ondorioz

Operazioa 2016ko hasieran gauzatuko da, eta 2017ko emaitzetan izan du eragina. Konpainia biek jakinarazi dutenez, bat-egiteak 2.500 milioi dolarreko (2.315 milioi euro) sinergiak sortuko ditu urtean.

Azkenaldian, asko ugaritu dira energia sektorean mota honetako operazioak, petrolioa merkatzearen ondorioz. Financial Times egunkariaren arabera, 90eko hamarkadan ere antzeko transakzioak egin zituzten, eta orduan jaio ziren gaur egun ezagutzen ditugun petrolio konpainia erraldoietako batzuk; BP, Chevron edo ExxonMobil, esaterako.

Operazioaren berri izan eta berehala, gora egin dute BG Groupen akzioek (% 38, hain zuzen ere) Londresko Burtsan; Royal Dutch Shellen tituluek, berriz, % 5 egin dute behera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea