Ekonomia -
Kutxa
Ez dute onartu Iturberen izendapenaren aurka Bilduk jarritako salaketa
Epez kanpo aurkeztu zutela eta salatzaileek, koalizioko kontseilariek, ez zutela horretarako zilegitasunik erantzun du epaitegiak.
agentziak | erredakzioa
Donostiako Auzitegiak atzera bota du "osorik" Bilduko kontseilariek Kutxako 2012ko karguen izendapenaren kontra jarri zuten salaketa, epez kanpo aurkeztu zutela eta salatzaileek horretarako zilegitasunik ez zutela argudiatuta.
Epaileak dio salaketa "iraungita" zegoela, horretarako 40 eguneko epea gainditu zutelako.
Horregatik, ez da gaiaren sakoneko aferan sartuko, eta Kutxa absolbitu egin du. EH Bilduk salatu zuen irregulartasunak izan zirela Xabier Iturbe Kutxaren presidente izendatzeko prozesuan.
Epaiketa egin eta hiru astera kaleratutako ebazpenaren kontrako helegitea jartzeko aukera dute orain, eta Ainhoa Beola Kutxako kontseilari ohiak esan du aztertzen ari direla aukera hori.
Kutxak bere garaian argudiatu zuen ez zutela "zuzenbidearen kontrako" erabakirik hartu prozesu osoan, Paul Bilbao Kontseilukoa buru zuen hautagaitza bertan behera utzi zutenean, Xabier Irazustak 70 urte baino gehiago zituelako eta adin horrekin ezin zuelako aurkeztu.
Zerrenda hori atzera botata, berdinketa egon zen karguen izendapenerako bozketan, baina Jacinto Hernandez sozialistak, 69 urtekoak, Iturberen aldeko botoa eman eta berdinketa hautsi zuen, kontseilari zaharrena izanik kalitatezko botoa zuelako.