Ekonomia -
Banka
BBVAk Kataluniako langileen % 20a kaleratuko du
Bertan dituen 285 bulego, dituen guztien % 20a, itxiko ditu 2017 arte, Catalunya Bancen (CX) integrazioaren ondorioz.
agentziak | erredakzioa
Angel Cano BBVAren kontseilari ordezkariak aurreratu du Katalunian dituzten bulegoen % 20a, 285, itxi egingo dituztela 2017rako, eta bertan dituzten langileen portzentaje bera kaleratuko dute, Catalunya Bancen (CX) integrazioaren ondorioz.
Canok urteko lehenengo hiruhilekoko emaitzak aurkezteko prentsaurrekoan azaldu duenez, bankuak "ez du inolako presarik" CX marka komertzialari eutsi ala ez erabakitzeko, gaur egun Katalunian duen presentzia "esanguratsua" delako. Dena dela, markaren inguruko erabakia urte eta erdian edo bi urtetan hartuko omen dute.
BBVAren kontseilari ordezkariak jakinarazi duenez, 194 milioi euroko irabaziak izan zituzten martxoa arte Espainiako Estatuan, higiezinen jarduera barne, eta 2014rakin alderatuta % 39koa izan da etekinen hazkundea.
Hori horrela, Espainiako negozioa negozio osoaren % 4tik % 16ra igaro da urtebetean.
Canok aurreratu du urte osoan % 16ean geratzea espero duela, eta bi urtetan % 26ra igoko den esperantza dutela. Hala eta guztiz ere, Mexikoren ekarpenera (% 43,5) iristea zail ikusten du.