Ekonomia -
Kamioien garraioa trenean
Belgika eta Euskadi lotzeko 'tren-autobidea' baztertu du Frantziak
“Estatuak ez du kontratu hori sinatuko”, azaldu du Alain Vidalies Garraio Estatu idazkariak; izan ere, “errentagarritasun negatiboa” izango du proiektuak.
Agentziak | Erredakzioa
Frantziak kamioiak trenean garraiatzeko ‘tren-autobidea’ egingo ez duela iragarri du gaur Alain Vidalies Garraio Estatu idazkariak. Egitasmoak Belgika (iparraldean) eta Euskadi (hegoaldean) lotu behar zituen.
“Estatuak ez du kontratu hori sinatuko”, azaldu dio Vidaliesek France Blue irratiari; izan ere, “errentagarritasun negatiboa” izango du proiektuak.
Inbertsiorako Kontseilu Nagusiak (azterketarako erakunde publikoa) ‘tren-autobidea’ren proiektuari buruzko txosten negatiboa igorri zuela esan du Vidaliesek. Trenbideak 2016ko urtarrilean martxan egon behar zuen eta urtero 85.000 kamioi garraiatu behar zituen.
375 milioi euro
Proiektua martxan jartzeko Estatuak eta kontseilu nagusiek (probintzietako diputazioak) 375 milioi euroko ekarpena egin behar zutela azaldu du Estatu idazkariak. Gainera, azpiegituraren ustiapenarekin errentagarritasunik lortuko ez zutela goraipatu du Vidaliesek.
Azpiegitura egokitu beharra zegoela erantsi du Frantziako buruzagiak. Konkretuki, Dourgesen (Pas de Calaiseko departamentua, Frantziako iparraldean) eta Tarnosen (Landetan) obrak egin behar zituzten.
‘Tren-autobidea’ren egitasmoa alde batera uzteko “beste argudio” batzuk daudela gaineratu du Vidaliesek; izan ere, “proiektu ahula da ikuspuntu juridikotik”. “Ingurugiroan izan behar zituen ondorioak nahikoa kontuan” izan ez dituztela adierazi du Estatu idazkariak.