Ekonomia -
Epaia
EBk legez kanpoko jo du Espainiako kaleratze kolektiboen irakurketa
Europako Justizia Auzitegiaren arabera, Espainiako araudiak enpresa osoa bakarrik hartzen du kontuan, eta ez, ordea, enpresa horrek duen lantegi bakoitza.
Agentziak | Erredakzioa
Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren arabera, Espainiako araudiak kaleratze kolektiboen inguruan egiten duen irakurketa legez kontrakoa da eta Europako araudia urratzen du. Auzitegiak gaur emandako epai batean argudiatu duenez, Espainiako araudiak enpresa osoa hartzen du erreferentzia bakartzat, ez konpainiak dituen lantegiak, banaka hartuta.
90 eguneko epean, 100-300 behargin artean dituen enpresa batek gutxienez langileen % 10 kaleratzen baditu, kaleratze kolektiboa da, Espainiako Legearen arabera.
Correos talde barruan dagoen Nexea enpresan 2012an egindako kaleratze batzuei buruzko epaia kaleratu du EBk. Konpainiak bi lantoki ditu Estatuan: bata Madrilen eta bestea Bartzelonan (164 eta 20 langile zituzten, hurrenez hurren). 2012ko abenduan, Bartzelonako 12 langile kaleratu zituen Nexeak, arrazoi ekonomikoak tarteko. Kaleratutako batek helegitea aurkeztu zuen, EBko legedia urratu zela argudiatuta. Izan ere, Bartzelonako lantokiko behargin kopurua kontuan hartuta, 13 lagun kaleratzea kaleratze kolektibotzat hartu beharko zuketen.
Gaur jakin da EBko Auzitegiaren epaia. Horren arabera, Espainiako araudiak "Europako kaleratze kolektiboen zuzentaraua urratzen du enpresa osoa bakarrik hartzen duelako kontuan. Zuzentarauari jarraiki, erreferentzia moduan lantoki bakoitza bere aldetik hartu izan balu, kaleratzeak kaleratze kolektiboak izango ziratekeen".
Dena dela, Nexearen kasuan, Bartzelonako lantokiak ez zituen 100 langile, eta, beraz, ez zuen Espainiako araudiak ezarritako baldintzetako bat betetzen. Hortaz, kasu horretan ez zuketen kaleratze kolektiboen araudia erabili behar.