Ekonomia -
22,8 milioi eurokoa
Isun historikoa ezarri diote Repsoli, prezioak adosteagatik
Repsolen gasolindegietan ez ezik, enpresak duen banaketa sarean ere “gehiegikeriaz” jokatzea leporatu dio Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Merkatu eta Lehia Batzordeak 22,8 milioi euroko isuna ezarri die Repsoli eta bere gasolindegi sareko enpresei gasolinaren prezioak adostea egotzita, erakunde horrek ohar batean iragarri duenez.
Batzordeak 22,6 milioi euroko isuna jarri dio Repsoli; 113.801 eurokoa, Lence Torres eta Complejo San Cristobal enpresei; 28.074 eurokoa, Lorquí zerbitzuguneari, eta 148.763 eurokoa, Cerro de la Cabañari.
Repsolen gasolindegietan ez ezik, enpresak duen banaketa sarean ere “gehiegikeriaz” jokatzea leporatu dio.
Urtea hasi denetik hirugarren isuna jaso du Repsolek, eta oraingoan “arau-hauste oso larritzat” jo dute.
Repsolen ustez, isuna “bidegabea eta neurrigabea” da, eta erabakia Auzitegi Nazionalaren aurrean errekurrituko duela iragarri du.