Ekonomia -
‘Elkartek’
Eusko Jaurlaritzak ikerketari beste 20 milioi eurorekin lagunduko dio
‘Elkartek’ egitasmo berria uztailaren 29an sartuko da indarrean. Helburua EAEko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko eragileek “emaitza hobeagoak” lortzea da.
Agentziak | Erredakzioa
Programa berri bat martxan jarriko du Eusko Jaurlaritzak hilabete bukaeran. 20 milioi bideratuko ditu Gasteizko Exekutiboak “lankidetza ikerketa” bultzatzeko EAEko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko eragileen artean.
‘Elkartek’ egitasmo berria azaldu du gaur Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako sailburuak CIC nanoGUNEan, Donostian.
Sailak agiri batean jakitera eman duenez, ‘Elkartek’ uztailaren 29an sartuko da indarrean eta EAEko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko eragileek “emaitza hobeagoak” lortzea da helburua.
Lankidetza
Eragile bakoitzaren xedeak eta postu konkretua zehazten duen dekretu bat orain dela gutxi onartu zutela gogorarazi du sailburuak. Helburua “produkzio sareari egiten zaion ekarpena” hobetzea dela nabarmendu du Tapiak, “lankidetzaren eta osagarritasunaren” bitartez.
‘Elkartek’en diru-laguntzak “oinarrizko lankidetza ikerketak” eta “industriarako ikerketak” jasoko dituztela goraipatu du sailburuak, baita “ekintza osagarriek” ere, hala nola, azterketak, hedatzeak eta kudeaketak.