Ekonomia -
Gasteiz
Sindikatuek lan-ezbeharren aurka egin dute SEAren egoitzaren aurrean
ELA, LAB, ESK-STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek protesta egin dute Arabako Enpresaburuen egoitzaren aurrean, aurreko ostiralean langile bat hil eta gero, Gasteizen.
Agentziak | Erredakzioa
ELA, LAB, ESK-STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur, astelehena, Arabako patronalaren egoitzaren aurrean, aurreko ostiralean Gasteizen izandako lan-ezbeharra salatzeko. Sindikatuek "prekarietateari aurre egin" diezaioten eskatu diete enpresei, hori baita, haien ustean, horren moduko heriotza-istripuen arrazoi "nagusia".
Sindikatuok SEA-Arabako Enpresarien egoitzaren aurrean egin dute protesta, aurreko ostiralean 34 urteko langile bat hil zen istripua dela eta, enpresa arabar batean.
Begoña Vazquez ELAren ordezkariak hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Eusko Jaurlaritzari bere "zeregina bete dezala" eskatu dio, lan ikuskaritzaren arloan, horren moduko istripuak "berriro gerta ez daitezen".
Vazquezek, gainera, "prekarietate egoerari aurre egitea eskatu diezaiotela" esan dio Jaurlaritzari, uste baitu hori dela lan istripuen arrazoi "nagusia".
Protestan prekarietatearen eta lan-ezbeharren aurkako pankarta bat erakutsi dute eta ELA, LAB, ESK-STEILAS, EHNE eta Hiru sindikatuek parte hartu dute.
Udalaren adierazpena
Bestalde, Gasteizko Udalak heriotza salatu du, eta segurtasun neurriak "zorrotz" betetzeko eta errespetatzeko deia egin die enpresei eta langileei.
"Lan istripuak saihestu egin behar ditugu kosta ala kosta, segurtasuna lehentasuna baita", adierazi du agiri batean, eta tankera horretako ezbeharrak "sistema ekonomiko-sozialaren gaitz bat" direla deitoratu du.