Ekonomia -

Lan-gatazka

Lanuzteei eutsiko diete Bilboko tranbiako langileek

Bilboko tranbia zerbitzurik gabe geratuko da astelehenetik ostiralera, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, enpresak ezarri nahi dituen gidatze-txanda mistoengatik protestatzeko.

Lanuzteak 12:00etatik 14:00ak arte eta 18:00etatik 20:00ak arte izango dira. Argazkia: EiTB
Lanuzteak 12:00etatik 14:00ak arte eta 18:00etatik 20:00ak arte izango dira. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteon lanuzteak izango dira berriro Bilboko tranbian, langileen eta enpresaren arteko lan-gatazka dela eta. Euskotrenek egin nahi duen berrantolaketaren kontra protesta egiten ari dira langileak.

Hori horrela, Bilboko tranbia zerbitzurik gabe geratuko da astelehenetik ostiralera 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, enpresak ezarri nahi dituen gidatze-txanda mistoengatik protestatzeko. Hilaren 22tik 29ra bitartean, berriz, ordutegi hauek izango dituzte lanuzteek: 12:00etatik 14:00etara, 20:30etik 22:30era eta 23:00etatik 00:00etara.

Ekainaren 15ean ekin zieten lanuzteei langileek, enpresak ezarri nahi dituen gidatze-txanda mistoen aurka protesta egiteko.

Enpresa-batzordearen ikuspuntua

Euskotreneko enpresa-batzordeak adierazi duenez, zuzendaritzak ez du "ahalegin handirik" egin lan-gatazka konpondu ahal izateko. Langileen irudiko, enpresari egindako proposamen guztiak baztertu ditu zuzendaritzak. Halaber, langileek baztertu egin dute Lan Zuzendaritzak egindako azken proposamena, enpresak egindakoaren "antzekoa" dela argudiatuta.

"Zentzurik gabeko greba" egitea eta negoziazioari ateak ixtea leporatu dio Euskotren enpresako zuzendaritzak batzordeari. Azken honen arabera, ordea, enpresaren jarrera "ulergaitza" da. Proposamenak egin dituztela nabarmendu dute langileek, eta "enpresak ez ditu baloratu ere egin nahi izan", horien ustez.

Enpresaren erantzuna

Bestalde, grebaren gainean "zalantzak" dituela esan du Euskotreneko zuzendaritzak, langileek hainbat proposamen baztertu ostean.

Euskotrenek ohar baten bidez jakinarazi duenez, "lan-gatazka hasi zenetik ahalegin ugari egin ditugu, greba bertan behera uzteko hainbat proposamen eskainita, baina azkenean zentzurik gabeko greba bihurtu da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Grebak albisteak Lana Euskotren Bilboko tranbia azken ordukoa