Ekonomia -

Burtsa

Txinako Herri Bankuak interes tasak jaitsi ditu krisiari aurre egiteko

Asiako burtsek hondoa jo duten bitartean, Europako burtsetan gorakada handiak izan dira.

Agentziak | Errredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txinako Herri Bankuak (banku zentrala) iragarri du 0,25 puntu jaitsi duela maileguen interes tasa, % 4,6an uzteko, eta beste hainbeste murriztu duela deposituena, % 1,75eraino. Gainera, bankuen kutxa koefizientea puntu erdi murriztu du.

Azken bi hilabeteetako bigarren "murrizketa bikoitza" izan da, ekainaren 28koaren ondoren, eta bosgarren aldiz jaitsi ditu interes tasak, eta laugarrenez kutxen koefizientea, aurreko azarotik.

Txinako Herri Bankuak agiri batean jakinarazi duenez, bihar jarriko da indarrean interes tasen beherakada, eta koefizientea (bankuek maileguan eman gabe gorde behar duten dirua, ehunekotan) irailaren 6an aldatuko dute.

Bankuen jarduera arautzeko erakundeak diru-politika baretu du horrela, azken egunotan mundu osoko merkatuak astindu dituen burtsaren krisiari aurre egiteko.

Asiako burtsak, hondoratuta

Asiako burtsa garrantzitsuenek beste porrot bat jaso dute astearte honetan, Txinako ekonomiak sortzen dituen zalantzengatik. Hala ere, beherakadak astelehen beltzean izandakoak baino txikiagoak izan dira.

Hori horrela, Shanghaiko burtsak (Txinako garrantzitsuena) % 7,6ko beherakadarekin itxi du eguna, 2.963 puntura jaitsita. Shenzhengo burtsak ere beheraldia izan du; % 7 jaitsi da, 10.197 punturaino.

Horrenbestez, CSI300 indizeak, Shanghaiko eta Shenzhengo burtsetan kotizatzen duten konpainia handienak batzen dituenak, % 7tik gorako galerekin itxi du saioa, eta 3.042 puntuan geratu da.

Nikkeik, Tokioko (Japonia) burtsako erreferentziazko indizeak, % 3,96 egin du behera, Wall Streetek atzo izan zuen % 3,6ko beherakadaren ostean.

Aitzitik, Hong Kongeko burtsa % 0,07 ari zen igotzen 09:29an, saioaren zatirik handienean jaisten egon eta gero.

Europako burtsak, gora

Interes tasen jaitsierak eta AEBko higiezinen datu onek Espainiako burtsaren gorakada sustatu dute, eta 10.100 puntura iritsi da, % 3,68ko igoerarekin, azken bi hilabeteetako handienarekin.

Europako gainerako merkatuetan ere goranzko joera izan da nagusi itxieran: Milanen % 5,86, Frankfurten % 5,53, Parisen % 4,85, eta Londresn % 3,41.

Wall Streeten ere igoerak dira nagusi irekieran, eta Dow Jones indize nagusiak % 1,91ko igoera izan du irekieran, atzoko "astelehen beltza"ren ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Txina gaur Japonia albisteak Ekonomia 2024