Ekonomia -
Burtsa
Asiako burtsek behera, baina azken egunetan baino gutxiago
Europako gainerako burtsek bezala, Espainiako burtsak galerekin itxi du saioa: % 1,29 jaitsi da eta 10.000 puntuko muga galdu du.
Agentziak | Erredakzioa
Asiako burtsa nagusiak, Japoniako Nikkei indizea izan ezik, galerekin itxi dituzte, Txinako ekonomiaren gaineko zalantzen ondorioz. Hala ere, beherakada aurreko egunetakoa baino txikiagoa izan da. Bitartean, Europan ere beherantz egin dute gaur burtsek.
Asiako merkatuak beheranzko joeran ireki dituzte, baina gora egiten hasi dira gero; dena den, eguneko azken tartean berriro jaso dituzte galerak. Shanghaiko Burtsak (Txinako garrantzitsuena) % 1,3ko beherakada izan du saioaren amaieran, eta 2.927 puntuko mailaraino jaitsi da; Shenzhengo Burtsak (Txinako bigarrena), berriz, % 2,9 egin du behera, eta 9.899 puntuko mailan geratu da.
Hortaz, CSI300 indizeak, Shanghai eta Shenzheneko konpainia nagusiak biltzen dituenak, ia % 0,6ko beherakada izan du amaieran, eta 3.025 puntuan kokatu da. Hong Kongeko Burtsak, bere aldetik, % 0,7 beherakada izan du egunaren amaieran.
Nikkei indizeak (Tokioko Burtsakoa), ostera, gora egin du; % 3,2, hain zuzen. 18.376 puntuko mailan kokatu da, sei egun jarraian behera egin ostean.
Europan ere, behera
Asiako merkatuetan izandako hegazkortasunak eragina izan du Europako burtsetan ere. Hain zuzen, galerekin itxi dituzte burtsek.
IBEX 35 Espainiako Burtsaren adierazle nagusiak % 1,29 egin du behera, eta 10.000 puntuko muga galdu du.
Londresek % 1,68ko galera izan du; Parisek % 1,4koa; Frankfurtek % 1,29koa eta Milanekoak, berriz, % 0,81ekoa.