Ekonomia -
Idealistaren txostena
Donostia eta Bilbo, logela bat alokatzeko hiri garestienen artean
Batez beste, 346 euro ordaindu beharko ditu hilean Donostian logela bat alokatu nahi duenak. Bartzelona da Estatuko bigarren hiriburu garestiena, eta Madril eta Bilbo agertzen dira jarraian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Logela bat alokatzeko hiri garestienen artean daude Donostia eta Bilbo, gaur idealista.com-ek jakitera eman duenez. Atari horrek landutako txosten baten arabera, batez beste 346 euro ordaindu beharko ditu hilean Donostian logela bat alokatu nahi duenak. Bartzelona da Estatuko bigarren hiriburu garestiena (344 euro hilean), eta jarraian Madril eta Bilbo agertzen dira (339 eta 311 euro, hurrenez hurren).
Estatutuko preziorik merkeenak, berriz, Albaceten daude (170 euro hilean), eta Coruña (174), Almeria (178) eta Murtzia (179) ageri dira zerrendan ondoren.
Txostenaren arabera, gero eta bilaketa gehiago egiten dira Internet bidez logelak alokatzeko, urtebetean % 12 egin baitute gora. 14.664.547 bilaketa egin ziren iaz, lehen sei hilabeteetan, eta 16.449.121 bilaketa egin dira 2015eko epe berean.
Azken 12 hilabeteetan prezioek % 0,2ko igoera izan dute, eta, ondorioz, batez beste, 280 euro oraindu behar dira hilean Estatuan logela bat alokatzeko.
Etxebizitza partekatzen duten pertsonen ezaugarriei dagokienez, profil hau dute: 30 urte dituzte, hiriguneetan bizi dira, ez dute erretzen (baina erretzaileekin toleranteak dira) eta ez dute maskotarik eta ez dute halakorik onartzen.
Pisua partekatzen duten erabiltzaileen batez besteko adina, baina, aldatu egiten da eremu geografikoaren arabera, eta 30 urtetik gorakoa izan ohi da iparraldeko hirietan: Donostia (35), Gasteiz (32), Bilbo (31) eta Iruñea (30).