Ekonomia -
HERIOTZA
Jose Maria Ruiz Mateos hil da
Nueva Rumasa fundazioaren sortzailea Cadizko erietxe batean zegoen abuztutik. Ogasunari iruzurra egitea egotzita, hainbat salaketa zituen enpresaburuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Maria Ruiz Mateos y Jimenez de Tejada 84 urte zituela hil da, gaur goizean, Cadizko erietxe batean, haren familiak baieztatu duenez.
Ogasunari iruzur egitea egotzita, hainbat salaketa zituen Ruiz Mateosek. Espetxe zigorra ere ezarri zioten apirilean, baina epaileak haren espetxealdia bertan behera uztea ebatzi zuen, osasun arazoak tarteko.
Nueva Rumasa fundazioaren sortzailea abuztutik zegoen ospitalean, aldaka hautsi baitzuen, erorita. Ebakuntza egin zioten, eta, ospitalean zegoela, pneumonia hartu zuen. Ordutik, larri zegoen. Bihar lurperatuko dute Ruiz Mateos, Rotan, bere jaioterrian.
Ogasunari iruzur egitea leporatuta, espetxean sartu zuten ekainean, baina gau bat baino ez zuen igaro kartzelan; izan ere, osasun arazoak argudiatuta, epailearen agindu bat lortu zuen haren abokatuak, enpresaburua kartzelatik atera eta erietxera eramateko.
Zortzi egun geroago, Ruiz Mateosen osasun egoera larriagotu egin zela eta, aske uztea erabaki zuen epaileak. Besteak beste, Parkinson gaitza zuen.
60ko hamarkadan Rumasa Holdinga sortu zuenetik ia hil arte, polemikak inguratuta bizi izan da Jose Maria Ruiz Mateos. Aurtengo udan ere, epailearen aurrean izan zen enpresaburua.
Espainiako enpresa-talde handienaren sortzailea eta jabea izan zen Ruiz Mateos: 1983an Miguel Boyer ministro sozialistaren aginduz desjabetu zuten Rumasa holdingarena. Ruiz Mateosen eta Boyerren arteko tirabira honek sekulako oihartzuna izan zuen.
Ruiz Mateos kartzelan egon zen, gerorago Rayo Vallecano futbol taldea erosi zuen, eta politika munduan sartu zen, Agrupacion Ruiz Mateos osatuz. Komunikabideen aurrean hainbat agerraldi xelebre egin zituen.
Ibilbide profesional berezia izan zuen. Rumasaren desjabetzearen ondoren, Nueva Rumasa eratu zuen, baina talde honek ere arazoak izan zituen justiziarekin.
Ekainean epaileak Ruiz Mateos kartzelaratzeko agindua eman zuen, Ogasunaren kontrako hiru delitu egiteagatik, baina 24 ordu besterik ez zuen eman bertan, kartzelatik erietxera eraman baitzuten.