Ekonomia -

Bilera

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak diru-bilketa zehaztuko du gaur

Aurten 13.100 milioi euro biltzea espero zuten EAEko ogasunek, iaz baino % 6,2 gehiago, baina ez dute lortuko. Gipuzkoak bakarrik espero du aurreikuspena betetzea.

Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburua. Argazkia: EFE
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburua. Argazkia: EFE
Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburua. Argazkia: EFE

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak bilera egingo du arratsaldean. Diru-bilketa koordinatu eta aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko funtsen banaketa adosteko ardura du organoak.

Datorren urteko diru-bilketa aurreikuspenak zehaztuko dituzte gaur, aurrekontuak horietan oinarrituz egiteko. Aurten kontuak nola itxiko dituzten aztertuko dute buruzagiek. Diru-bilketa espero zena baino okerragoa izan da aurten, eta horrek erakunde batzuen “gastua doitzera” behartuko du, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak asteartean aurreratu zuenez.

Aurten 13.100 milioi euro biltzea espero zuten EAEko ogasunek, iaz baino % 6,2 gehiago, baina ez dute lortuko. Gipuzkoak bakarrik espero du aurreikuspena betetzea. Araba hamarren gutxi batzuetara geratuko da eta Bizkaia oso urrun, % 3 soilik gora eginda, aldundiek jakitera eman dutenez.

Gaur behin betiko kopuruen berri emango dute aldundiek, baina gastuak doitzea beharrezkoa izango dela errepikatu du Jaurlaritzak. Erkorekak atzo aitortu zuen "nahitaezkoa" izango dela datorren urteko aurrekontuak "doitzea" aldundi batzuen diru-bilketa aurreikuspenak betetzen badira.

Bestalde, “murrizketen bidetik jarraitzea nahitaezkoa” denik “guztiz faltsua” dela ziurtatu du ELA sindikatuak.

EH Bilduk zerga politikaren aldaketa eskatu du, EAJren ereduak Bizkaian “porrot egin” duelako. Koalizioak Gipuzkoan aplikatutako sistemak, aldiz, “emaitza onak” lortu dituela goraipatu du.

Koalizioaren hitzetan, Bizkaiko Aldundiak diru-bilketa aurreikuspenak bete ez dituela eta Jaurlaritzak 2016ko aurrekontuetan murrizketak egin beharko dituela onartu zuen Exekutiboko bozeramaileak.

Legea eguneratzea nahi dute Arabak eta Gipuzkoak

Diru-sarreren % 70 bereganatzen ditu Gasteizko Exekutiboak. Lurralde bakoitzak diru-kutxari egin beharreko ekarpenaz ere eztabaidatuko dute gaur. Arabak eta Gipuzkoak legea eguneratzea nahi dute, “kalte egiten dielako”, eta gaur ofizialki eskatuko du Arabako Aldundiak.

Printzipioz, Bizkaia ez dago horren aurka, baina Estatuarekin Kupoa adostu arte edozein aldaketa atzeratu nahi du. EAJ hiru aldundietako gobernuetan izateak akordioa erraztea espero du Eusko Jaurlaritzak, baina “lurralde bakoitzaren interesak siglen gainetik” dagoela onartu du.

Bestalde, 2016rako diru-sarrera aurreikuspenak zehaztuko dituzte gaurko bileran. Erakundeak iragarpen horietan oinarrituko dira aurrekontuak egiteko garaian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Albisteak Araba Eusko Jaurlaritza albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak