Ekonomia -

Lan-gatazka

Gidabaimena ateratzeko probaren aztertzaileak, greban

Kontzentrazioa deitu dute Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren egoitza aurrean, Madrilen, soldata eta lan-baldintza hobeak eta segurtasun handiagoa eskatzeko, ikasleen erasoak pairatzen baitituzte.

Autoeskoletako langileak protesta bat egiten, Nafarroan. Argazkia: Efe
Autoeskoletako langileak protesta bat egiten, Nafarroan.
Autoeskoletako langileak protesta bat egiten, Nafarroan. Argazkia: Efe

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gidabaimena ateratzeko probaren aztertzaileak 24 orduko greba egiten ari dira, eta kontzentrazioa egingo dute Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren (DGT) egoitzaren aurrean, Madrilen, soldata eta lan-baldintza hobeak eta segurtasun handiagoa eskatzeko, ikasleen erasoak pairatzen baitituzte.

Irailaren 14tik egiten ari dira protestak (700 langile dira guztira, baina 550 daude aktibo), hiru orduko lanuzteak eginez egunero, eta DGTk onartu egin ditu horien proposamenetako batzuk, baina CSI-F eta CGT sindikatuek protestak gogortzea erabaki zuten.

Trafiko Zuzendaritzak bilera deitu du hilaren 26rako, baina Manuel Santiago CSI-F sindikatuaren koordinatzaileak esan du aztertzaileek protestei eutsiko dietela "DGTk agindutakoa bete arte, hitzak haizeak baitaramatza".

Segurtasun handiagoa, langile gehiago kontratatzea, lan-baldintzak hobetzea eta soldatak igotzea dira aldarrikapen nagusiak. Lanuzte horien ondorioz, dagoeneko 60.000 azterketa baino gehiago geratu dira bertan behera Espainiako Estatu osoan.

DGTk onartutako eskaeren artean, besteak beste, azterketaren emaitza geroago jakinarazi ahal izatea, eta jakinarazpen hori eremu seguruan ematea. Izan ere, iaz zortzi eraso jasan zituzten aztertzaileek, eta aurten dagoeneko 15 jaso dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea