Ekonomia -

Bizkaia

Emica Bombas enpresan hitzarmena izango dute, 3 hileko grebaren ostean

Abanto Zierbenako lantegiaren 32 beharginen lan-baldintzak hobetzen eta "babesten" dituen hitzarmena sinatzeko akordioa lortu dute sindikatuek eta zuzendaritzak.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emica Bombas Abanto Zierbenan (Bizkaia) dagoen enpresako beharginek lan-hitzarmena edukiko dute aurki, zuzendaritzak eta sindikatuek akordioa lortu baitute. Langileek hiru hilabete pasatxo eman dituzte greban, baina azkenean, akordioa lortu dute, iturri sindikalek jakinarazi dutenez.

Sindikatuen hitzetan, hitzarmenak "lan-erreformaren aurrean babestu" egiten ditu langileak, ultraktibitate mugagabea jasotzen duelako eta enpresari langileen baldintzak "nahierara" moldatzeko aukera kentzen diolako.

Soldatari dagokionez, bi aldeek % 2ko igoera adostu dute 2015erako; % 1,10ekoa, 2016rako; % 1,20koa, 2017rako, eta % 1,25ekoa, 2018rako. Horrez gain, gehigarriak nominaren egiturazko kontzeptuen artean jasoko dituzte aurrerantzean. Lanaldiak 16 orduko murrizketa izango du.

Bestalde, aldi baterako kontratua zutenek kontratu mugagabea izango dute aurrerantzean, enplegua egonkortuta. Langileek azken hilabeteotan jasotako babesa eskertu eta "egindako borrokaren beharra" nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Grebak gaur