Ekonomia -
Kontzentrazioa
Jasandako erasoak salatzeko bilkura egin dute Metro Bilbaoko langileek
Metro Bilbaoko enpresa batzordeak salatu duenez, 29 irain eta mehatxu egoera eta 2 eraso fisiko zenbatu dituzte azken hiru hilabetetan.
O.A. | EITB.EUS
Metro Bilbaoko enpresa batzordeak elkarretaratzea egin du gaur goizean San Mameseko geltokian, azken aldian langileek jasandako mehatxu, irain eta erasoak salatzeko.
Protesta bilkura 11:00etan egin dute Bilbon, "Irain, mehatxu eta erasoei STOP" lelopean.
Enpresa batzordeak ohar bidez salatu duenez, azken hiru hilabetetan 29 irain eta mehatxu egoera eta 2 eraso fisiko zenbatu dituzte eta, horregatik, langileak kezkatuta daudela azpimarratu du.
Langileek ordezkariek portaera horiek gaitzetsi dituzte eta "arazo larri honi" berehalako irtenbide egokiak ematea eskatu dute. "Enpresaren zuzendaritzari eskatzen diogu irmoki heltzea gaiari. Arazoa egiturazkoa da, gure ustez, ez unekoa eta, ondorioz, 2007an ezarritako protokolo eta neurriak aplikatzen jarraitu behar dugu, utzikeria eta lasaikeria alboratuta", adierazi du enpresa batzordeak.
Bestalde, langileei "lasaitasuna eta profesionaltasuna" eskatu dizkie, baita irain, mehatxu eta erasoei aurre egiteko ideiak eta ekarpenak egitea ere.
"Gizarteari, oro har, gurekin errespetuz eta elkarlanean aritzeko eskatzen diogu, Metro Bilbao erabiltzen dutenen % 99ek egiten duen bezala. Ezin dugu onartu gutxi batzuen jokabideek gehien-gehienen portaera txukunari itzal egiterik", gaineratu du.