Ekonomia -
Adinekoen bidaiak
Penintsularako bidaiak 'egun gutxi barru' jarriko ditu salgai Imsersok
Kanarietarako eta Balearretarako bidaiak blokeatuta daude oraindik, auzibidean baitaude.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Penintsula barruko bidaiak "egun batzuen buruan" saltzen hasiko da Espainiako Adinekoen eta Zerbitzu Sozialen Institutua (Imserso), baina Kanariar eta Balear uharteetarakoak oraindik ere blokeatuta daude.
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak azaldu duenez, guztira 938.000 pertsonarentzako bidaiak salduko dituzte, eta horietako % 70 penintsula barrukoak izango dira.
Kanarietarakoak eta Balearretarakoak blokeatuta daude, bidaia horiek kudeatu nahi dituzten enpresek helegitea aurkeztu baitute esleipenen aurka. Horrenbestez, aste bat edo bi pasa daitezke auzia konpondu arte.
Beste bi bidaia motak (penintsularen barnealderakoak eta kostaldetarakoak) ez daude auzitan, eta, hortaz, Imsersok dagoeneko abiatu ditu izapideak "egun batzuen buruan" erabiltzaileek plazak erosi ahal izateko informazioa jaso dezaten.
Estatuko Aldizkari Ofizialaren arabera, hurrengo bi urteetan gora egingo du adinekoen bidaietarako plaza kopuruak, 100.000 arte. Horregatik, horien finantziazioa % 5 hasiko da.
Imsersok gogorarazi du ekimena positiboa dela adinekoentzat, "bai osasunari, bai ongizateari dagokienez". Gainera, urtean 330 milioi euro eta 91.800 lanpostu sortzen dituela erantsi du.