Ekonomia -

ARDATZ ATLANTIKOA

Atlantikoko tren-autobidea 'estrategikoa' izango dela esan du Oregik

Lilletik Gasteizerako Tren-autobide atlantikoa azkar garatzearen premia nabarmendu du sailburuak Bordelen, 'Euroeskualdearen garapen jasangarriari lagunduko diola' nabarmenduz.

Euskal tarteak lehenetsi du Bruselak Europako tren igarobideetarako

1:23

ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, Ana Oregik,  Tren-autobide Atlantikoa azkar garatzearen premia azpimarratu du, gaur goizean, Bordelen,  Alain Vidalies Frantziako Estatuko Garraioko idazkarirekin,  Alain Rousseten Akitaniako presidentearekin eta Carlo Secchir  Europako Batzordeko Garraioko koordinatzailearekin izan duen bileran. Tren-autobidea, Dourges-etik (Lille) abiatuta, Landetatik barrena, Jundizeraino iritsiko da. Oregiren hitzetan, errepideko kamioi-trafikoa burdinbidera eramango du eta Euroeskualdearen garapen jasangarriari lagunduko dio.

Sailburua  Akitaniako Eskualde Kontseiluan parte hartzen ari da, Atlantikoko Tren-autobidearen lantaldearen bileran. Europako Batzordeak sustatuta, trenbide-azpiegituren egitasmoak eta muga-igarobideetarako proposatutako soluziobideak aztertzen aro dira bi egunotan. Bileran parte hartzen ari dira, halaber, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendaria, Almudena Ruiz de Angulo, eta Euskotrenen zuzendaria, Imanol Leza.

Oregi sailburuak nabarmendu duenez, "tren-autobide berria zerbitzua ematen hastean, kamioien ehuneko altu batek tren-gainean kargatuta igarotzeko aukera luke, errepidez joan eta Biriatuko igarobidea  gurutzatu ordez". "Eusko Jaurlaritzarentzat, lehentasunezko proiektua da hau, eta urrats garrantzitsuak eman ditugu lurralde-antolamenduari eta amaiera-geltokia Jundizen egokitzeari dagokionez", gaineratu du.

Oregiren hitzetan, Atlantikoko trenbide-korridorea garatzea  "estrategikoa" da Euskadirentzat.  "Euskadiren bizkarrezur eta gizarte-kohesioaren ardatz bihurtuko da trenbide-sare berria, eta oso laster ezarriko dugu hiru hiriburuen arteko Intercity zerbitzuen eskema bat ardatz horren gainean, Bilbo, Donostia eta Gasteizen artean, Baionarako, eta handik Bordelerako, luzapena ahaztu gabe", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea