Ekonomia -
2015eko emaitzak
Irailera arte 1.702 milioi euro irabazi ditu BBVAk, % 11,8 gutxiago
CNCB Txinako bankuaren zati bat saldu izanak eta Catalunya Banc erosi izanak apaldu ditu etekinak. Operazio horiek gabe, % 45 igoko lirateke mozkinak.
Agentziak | Erredazkioa
2015eko lehen bederatzi hilabeteetan 1.702 milioi euro irabazi ditu BBVA banketxeak, iazko epe berean baino % 11,8 gutxiago, Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari jakinarazitako datuen arabera.
Operazio korporatibo jakin batzuek apaldu dituzte etekinak: besteak beste, CNCB Txinako bankuaren zati bat saldu izanak edota Catalunya Banc eta Garanti banketxeak erosi izanak. Izan ere, horiek gabe, 2.815 milioi euro irabaziko lituzke bankuak, % 45,9 gehiago, alegia.
Garanti Turkiako banketxearen % 14,89 erosi zuen BBVAk 2015eko hirugarren hiruhilekoan. Carlos Torresek zuzentzen duen banketxeak erakundearen % 25aren jabe zen jada eta hori arrazoizko balio gisa jarrita, kontabilitatean eragina du etekinetan (1.840 milioi euro).
"Inguru konplexu honetan, irabaziak digitu bikoitzeko erritmoan handitzeak BBVAk hazkunde ahalmena baduela erakusten du", adierazi du Torresek.
BBVAren berankortasun tasa % 5,6ra jaitsi da, (iazko epe berean % 6,1ekoa izan zen).