Ekonomia -

Bieba-ren datuak

Eraikuntzak hazkuntza txikia izan du EAEn, 2015ean

"Eraikuntzak ez du susperraldia lortu; datu orokorrak positiboak dira, baina ezin daiteke esan krisia gainditu dugula”, azpimarratu du Iñaki Urresti Ascobieko idazkari nagusiak.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko eraikuntza sektoreak egonkortasuna lortu du urteko lehen seihilekoan eta jarduera hazi egin da, Bizkaiko Etxegile Sustatzaileen Elkarteak (BIEBA) egindako txostenaren arabera.

"Eraikuntzak ez du susperraldia lortu; datu orokorrak positiboak dira eta ez dugu okerrera egin, baina, era berean, ezin daiteke esan krisia gainditu dugula”, azpimarratu du Iñaki Urresti Biebako idazkari nagusiak.

Urtarrila eta uztaila bitartean, EAEn % 27an hazi ziren lizitazio publikoak (Bizkaian, % 12) eta 586,8 milioi bildu ziren, “kantitate txikia, zor publikoaren krisiaren aurreko garaiarekin alderatuta”, Urrestiren esanetan.

Urteko lehen seihilekoan etxebizitza berriak eraikitzeko abian jarritako obrak % 8 jaitsi dira EAEn (Bizkaian beherakada % 30ekoa izan da). Etxebizitza libreen eraikuntzak, berriz, % 18ko gorakada izan du, baina babes ofizialeko etxebizitzen eraikuntzak % 49ko jaitsiera izan du (Bizkaian, % 58koa).

Biebaren txostenaren arabera, erabilitako etxebizitzen salerosketak % 29 hazi dira (% 44, Bizkaian);  etxebizitza berrien salerosketak, aldiz, jaitsi egin dira (% 9).

Bizkaiko enpresa sustatzaileen patronalak uste du etxebizitzaren prezioa “egonkortu” egin dela eta metro karratuaren prezioak % 4,4ko igoera izan duela. Gainera, etxebizitzak saltzeko epea murriztu egin da: etxebizitza berriak saltzeko, 502 egun; erabilitako etxebizitzen kasua, berriz, 392 egun.

Eraikuntza sektoreko enpleguari dagokionez, urteko lehen seihilekoan 800 langile kontratatu zituzten EAEn, baina Bizkaian 400 lanpostu suntsitu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa gaur Zer gertatu da gaur Bizkaian? EAE Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa