Ekonomia -

Altsasu

Gamesako lantegia ez ixteko irtenbideak eskatu ditu Foru-gobernuak

Nafarroako Gobernuaren ustez, Gamesak "irtenbide errealak" aurkeztu behar ditu Altsasun duen lantegia ez ixteko. Erabakia "basakeria" izan dela salatu du lantegiko enpresa-batzordeko presidenteak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Gobernuak Gamesak Altsasun duen lantegia ixteko erabakia berriro pentsatzeko eskatu dio aerosorgailuak ekoizten dituen enpresari. Horretaz gain, lan eta ekoizpen jarduera mantentzeko "etorkizunerako irtenbideak" aurkeztea eskatu dio.

Jose Maria Roig Berrikuntza, Enpresa eta Lan kontseilariak "premiazko bilera" batera deitu dio Gamesako zuzendaritzari eta beranduago enpresa batzordearekin batzar bat ere izan nahi duela jakinarazi du.

Agiri baten bidez, Nafarroako Gobernuak "ezustean" hartu du Gamesak Altsasun duen lantegia ixteko erabakia. Lantegia ez ixteko eta laneko eta instalazioentzako bidegarritasuna bermatzeko xedez "irtenbide errealak" aurkeztu behar dituela adierazi du Gobernuak.

Gamesaren zuzendaritzarekin batu ostean, Roig kontseilaria enpresa batzordearekin bilduko da sortutako egoera aztertzeko.

Nafarroako Gobernuak "energia berriztagarrien aldeko apustua" helarazi nahi dio gizarteari. Ildo honetan, "enpresa inbertsioak arautzen dituen legeriaren falta" deitoratu du Gobernuak.

Enpresa-batzordea

Bien bitartean, ixteko erabakia "basakeria" izan dela esan du Ubaldo Sola (ELA) lantegiko enpresa-batzordeko presidenteak, eta langileen ordezkaritzari "aurretik inolako abisurik eman gabe hartu" duela salatu du.

"Gamesako pala lantegi zaharrena bat-batean ixtea ustekabea" izan da, Solaren hitzetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea