Ekonomia -
Langabezia
Txarrena "pasatu" egin dela uste du Confebaskek
Otsailean langabeziak gora egitea deitoratu du EAEko patronalak, baina 2009ko otsailean egin zuenarekin alderatuta laurden bat baino ez dela igo azpimarratu du.
Erredakzioa
EAEko Enpresaburuen Konfederakundea (Confebask) itxaropentsu agertu da gaur enplegu eta Gizarte Segurantza afiliazio datuekin. Gaur argitaratutako datuek "datozen hilabeteetan EAEko lan-merkatuak izan beharreko hobekuntza finkatzea" espero dute euskal enpresariek. "Lan-merkatuarentzat txarrena amaitu" dela uste du euskal patronalak.
Komunikatu batean, otsailean langabeziak gora egitea deitoratu du Confebaskek, baina 2009ko otsailean egin zuenarekin alderatuta laurden bat baino ez dela igo azpimarratu du. Gainera, EAE langabezia gutxien hazi den bigarren erkidegoa dela nabarmendu dute.
Horrez gain, Gizarte Segurantzako afiliazio datuak "positiboak" direla goraipatu du euskal patronalak, 1.846 lagun gehiago afiliatu baitira. Iaz, ostera, 1.922 galdu zituen otsailean.
Euskadiko enpresarien arabera, enpleguak azkenaldian duen garapena ikusita "txarrena pasa da EAEko lan-merkatuarentzat", izan ere, langabeziak gora eta enpleguak behera egitetik, "enplegua haztera pasa da, pixkanaka bada ere". "Baina hazkunde hori ez da langabezia murrizteko lain eta gorabeherak izan ditzake oraindik", esan dute enpresariek.