Ekonomia -
Eskaera handiari erantzuteko
'Bono Denda' kanpainak 5.000 bonu gehiago jarri ditu salgai Bizkaian
Bonu gehiago aterata, kontsumitzaileen artean hauteman den eskaera handiari erantzun nahi zaio. Kanpainak urtarrilaren 30era arte iraungo du.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresa Konfederazioak BilbaoDendak, Bizkaidendak, Ezkerraldenda eta Getxo Enpresa erakundeen laguntzarekin sustatzen duten ‘Bono Denda’ kanpainako 5.000 bonu gehiago jarri dituzte salgai asteazken honetan, kontsumitzaileen eskaera handiari erantzuteko.
Asteartera arte, 14.453 bonu erosi dituzte, hau da, iazko kanpainan egun horretarako saldu zena baino % 40 gehiago. Kanpainak urtarrilaren 30era arte iraungo du.
Kanpainaren arduradunek adierazi dutenez, bonu gehiago aterata, kontsumitzaileen artean izan den eskaera handiari erantzun nahi diote, eta, aldi berean, lurraldeko txikizkako merkataritzari laguntzen jarraitu, Gabonetan eta urtarrileko beherapenetan.
Hala, aurtengo ‘Bono Denda’ kanpainak "harrera itzela" izan duela nabarmendu dute, atera diren 15.000 bonuetako 10.000 hiru egunetan agortu baitira abenduaren 11n salgai jarri zirenetik.
BBKren kutxazainak
BBKren zerbitzu orotarako kutxazainetan eros daitezke bonuak, edozein kreditu edo zordunketa txartel erabilita. Bonuak ateratzeko muga bat ezarri da, eta txarteleko bi bonu besterik ezin dira eskuratu.
Halaber, bonuak Internet bidez ere erosi ahal dira, baina kutxazainetan jaso behar dira; helbide hauetan eros daitezke: www.bbk.es eta www.cecobi.es.
‘Bonu denda’ erosketa bakar baterako erabili ahal da, eta, beraz, bi bonu edo gehiago ezingo dira metatu tiket edo faktura batean, baina bonu beste erosketa egin ahalko ditu kontsumitzaileak.