Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Zapatero:"BEZaren igoerak 500.000 langaberi ordaintzeko balioko du"
Krisiari aurre egiteko Exekutiboak alderdi politikoei aurkeztu dien proposamena "oso serioa" dela esan du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Erredakzioa
Uztailetik abendura bitartean BEZren igoerarekin bilduko den diruak 500.000 langaberi ordaintzea ahalbidetuko du, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan.
TVEn egindako elkarrizketan, udatik aurrera BEZ igotzeko beharra defendatu du Exekutiboko presidenteak, ekintza ekonomikoari eragin gabe kontu publikoak onbideratzeko.
Argudiatu duenez, % 30eko presio fiskala du Espainiak, EBk batez beste duena (% 38) baino txikiagoa. Gainera, Estatuak Europako BEZrik baxuenetarikoa duela esan du Zapaterok. Zerga horren igoera "ekonomiaren hazkundeari kalte gutxien egiten dion neurria" dela adierazi du agintariak.
Zentzu horretan, PFEZ ukitzen ez duenez lanari eragiten ez diola nabarmendu du, ezta enpresen ekintzari ere, sozietateen gaineko zerga bere horretan uzten duelako eta esportazioei kalte egiten ez dielako.
Krisiaren kontrako akordioa
Krisiari aurre egiteko Exekutiboak alderdi politikoei aurkeztu dien proposamena "oso serioa" dela esan du Zapaterok, eta guztiek "elkarrizketari lagundu behar" diotela erantsi du.
Momentu honetan, "indar politiko guztiek eta Gobernuak ere, besteek egindako ekarpenak deskalifikatu beharrean, bakoitzaren proposamenak entzun behar ditugu", azpimarratu du.
Akordio bat bilatu behar dela esan du, "guztien artean batzen" badugu "onartzen diren neurriak erabilgarriagoak izango direlako eta konfiantza gehiago emango dutelako", ekonomian "berebizikoa" delako, adierazi du Espainiako Gobernuko presidenteak.
Elkarrizketa ETArekin
Gainera, iragan legealdian ETArekin izandako elkarrizketa defendatu du Zapaterok, ETAren egungo ahultasuna ekarri duelako, nahiz eta "kritikak" jaso. "Bake-prozesuak min handia egin zion ETAri, eta era berean, demokratak indartsuago egin zituen", esan du agintariak.
Bestalde, ministrorik ez duela aldatuko adierazi du Exekutiboko buruzagiak, Gobernuko taldearekin "pozik" dagoelako