Ekonomia -
Lan gatazka
55.000 ikasle, jantoki barik gaur beste greba baten ondorioz
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek lanuztea deitu dute, urtebeteko iraupena duen gatazka dela-eta. 460 zentrori eta 55.000 bat ikasleri eragingo die protestak.
Erredakzioa
EAEko eskolen jantokietako langileek greba hasiko dute gaur, kudeaketa zuzeneko zentroetan. Astero bi egunetan lanuzteak egingo dituzte langileek, eta horrela izango da enpresek eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen kolektiboa negoziatu bitartean.
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute lanuztea, urtebeteko iraupena duen gatazka dela-eta, izan ere, hitzarmen kolektiboaren negoziaketan ez da aurrerapausorik eman. Aste honetan gaur, asteartea, eta ostegunean (martxoaren 11) egingo dute greba.
Eusko Jaurlaritzak zuzenean kudeatzen dituen 460 zentroren jantokiei eragingo die protestak. Egunero 55.000 bat ikaslek jaten dute bertan.
Bederatzi egun greban
Gatazka hasi zenetik egundaino, sektoreko 3.500 langileak bederatzi egunetan greba egitera deitu dituzte Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako zentroen jantokietan.
Langileek ia bi urte daramatzate "hitzarmenik gabe", gogorarazi dute sindikatuek. Soldatak % 5 igotzea eskatzen dute sindikatuek, eta baita txostenak egiteko lanaldia luzatzea, hezkuntza berezi bat eta begirale bakoitzeko umeen kopurua murriztea ere.