Ekonomia -
Sindikatuen arabera
EAEko jantokietako langileen % 80k egin dute greba
Sindikatuen datuen arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan grebari egindako jarraipena handiagoa izan da (% 85) Araban baino (% 70).
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko jantokietako langileen % 80k babestu dute gaurko greba, kudeaketa zuzeneko zentroetan, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek jakinarazi dutenez. Aste honetako aurreneko greba eguna izan da gaurkoa.
Datu horien arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan grebari egindako jarraipena handiagoa izan da (% 85) Araban baino (% 70).
Astero bi egunetan lanuzteak egingo dituzte langileek, eta horrela izango da enpresek eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen kolektiboa negoziatu bitartean.
Sindikatuen arabera, gaurko grebarekin "beraien eskubideak amaieraraino defendatzeko prest daudela" erakutsi dute langileek. "Gure helburua benetako negoziazio bat lortzea da".
LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deitu dute lanuztea, urtebeteko iraupena duen gatazka dela-eta, izan ere, hitzarmen kolektiboaren negoziaketan ez da aurrerapausorik eman. Aste honetan gaur, asteartea, eta ostegunean (martxoaren 11) egingo dute greba.
Eusko Jaurlaritzak zuzenean kudeatzen dituen 460 zentroren jantokiei eragin die protestak. Egunero 55.000 bat ikaslek jaten dute bertan.
Bederatzi egun greban
Gatazka hasi zenetik egundaino, sektoreko 3.500 langileak bederatzi egunetan greba egitera deitu dituzte Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatutako zentroen jantokietan.
Langileek ia bi urte daramatzate "hitzarmenik gabe", gogorarazi dute sindikatuek. Soldatak % 5 igotzea eskatzen dute sindikatuek, eta baita txostenak egiteko lanaldia luzatzea, hezkuntza berezi bat eta begirale bakoitzeko umeen kopurua murriztea ere.