Ekonomia -
Abiadura Handiko Trena
AHTren Gasteiz-Burgos tartearen obrak aurten esleituko dituzte
Hain zuzen ere, aurtengo bigarren seihilekoan egingo dute izapidea, Zapaterok baieztatu duenez.
Erredakzioa
Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du aurtengo "bigarren seihilekoan" esleituko dituztela Abiadura Handiko Trenaren Gasteiz eta Burgos arteko tarteen obrak.
Zapaterok Kongresuan egin du iragarpena, Josu Erkoreka EAJko bozeramaileari erantzunda. Izan ere, Europar Batasuneko presidente izanda ardatz atlantikoa sustatzeko zer egin asmo duen galdetu dio hark.
Hori horrela, Espainiako gobernuburuak gogorarazi du Gasteiz, Arrasate eta Bilbo artean 18 tarteetako 13 esleitu dituztela jada, eta aurten beste birekin ere egingo dutela. Eusko Jaurlaritzak, gainera, bere gain hartuko du Arrasate-Irun tartea.
Zapateroren arabera, datu horiek erakusten dute "borondate politikoa" dagoela eta obrak "bide onetik" doazela.
Halaber, Espainiak ardatz atlantikoarentzat aurreikusita duen inbertsioaren %50 jada esleitu duela nabarmendu du.
Horrenbestez, Rodriguez Zapaterok gaineratu du Espainiak 29.500 milioi euroko inbertsioa aurreikusita duela, eta 16.000 jada esleitu dituela.
Erkoreka, kritiko atzerapenekin Bere aldetik, Erkorekak obren "atzerapenak" azaltzeko eskatu dio Zapaterori.
Bere esanetan, Gasteiz-Burgos tartea "Bordele-Hendaia" bezain gordin dago, eta hortaz, ardatz horrekin konpromisoa agertu behar duela esan dio, Espainiako Gobernuko eta Europar Batasuneko presidente baita.
Hala, tren ardatza sustatzeko exijitu dio.