Ekonomia -
Protesta
Ikastetxe publikoetako jangeletan greba egingo dute gaur ere
Sindikatuek eta enpresek ez dute akordiorik lortu eta protestekin jarraitzea erabaki dute ELA, LAB, CCOO eta UGTk. Enpresetako arduradunek "onartezin"tzat jo dituzte langileen eskaerak.
Euskadi Irratia
Ikastetxe publikoetako jangeletan, kudeaketa zuzenekoetan, greba eguna dute gaurkoan ere langileek eta, beraz, gurasoek beste alternatiba batzuk aurkitu beharko dituzte seme-alabei jaten emateko. Grebaren ondorioz, zentro gehienetan ordutegiak egokitu egingo dituzte. Dena den, gaur ere, herenegun bezala, gutxieneko zerbitzuak egongo dira jangela zerbitzuan.
Sindikatuek eta enpresek ez dute akordiorik lortu eta protestan segitzea erabaki dute. Enpresetako arduradunek diote "gehiegizkoak" eta "onartezinak" direla sindikatuek egiten dituzten eskakizunak. Azken eskaintza bat egin diete, baina oraindik berean segitzen dute LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek.
Enpresek beren jarreraren berri eman diete gurasoei, ikastetxeetako zuzendariei eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari ere.
Patronalak egindako azken lan-hitzarmen eskaintzan % 3,7ko soldata igoera proposatzen dute 2008 eta 2009 urteetarako. % 2,97koa, berriz, ikasturte honetarako eta datozen bi ikasturtetarako, aldiz, Hezkuntza Saileko langileen igoera berbera.
Sindikatuek, beraz, grebarekin segiko dute aste honetan; gaurkoa bigarren eguna izango da eta datorren astean astelehenerako eta asteazkenerako daukate deituta. Martxoaren 24 eta 25erako ere lan uztea deitu dute.