Ekonomia -
Hirugarren greba eguna
13 polizia zauritu dira eta 20 lagun atxilotu dituzte Grezian
Polizia eta manifestarien arteko istiluak izan dira Atenasen, Yorgos Papandreuren Gobernuaren herstura planaren aurkako manifestazioan. 10.000 lagunek parte hartu dute protestetan.
Erredakzioa
Greziako sindikatu nagusiek 24 orduko greba orokorra deitu dute "krisia plutokraziak ordain dezala" lelopean. Horrela, Greziako ekonomia onbideratzeko Gobernuak abian jarri duen herstura fiskalaren planaren aurka protesta egin dute.
Hirugarren greba eguna da honakoa, Yorgos Papandreu sozialistaren Exekutiboak neurri zorrotzak martxan jartzeko konpromisoa hartu zuenetik.
10.000 lagunek Atenaseko erdigunea hartu dute eta zenbait manifestarien eta polizien arteko listarrak jazo dira. Orotara, 13 polizia zauritu dira egunean zehar izan diren liskarretan. Poliziak 20 lagun atxilotu ditu.
Efe albiste agentziak jakinarazi duenez, burua estalita zuten pertsona talde ezberdinek sei denda, lau hotel, hiru banketxe eta bi ibilgailu eraso dituzte.
Greba garraio eta zerbitzu publikoetan
Goizeko lehen orduetatik, garraio publikoaren grebaren ondorioz, Atenas ibilgailu pribatuz eta taxiz bete da.
Halaber, herrialdeko aireportu guztiak atzo gaueko hamabietatik itxita daudenez, ehunka hegaldi bertan behera geratu ziren eta beste ehun bat gehiagoren ordutegiak aldatu zituzten.
Horrez gain, hainbat langilek bat egin dute greba egunarekin hala nola, ospitaleetakoak, ikastetxeetakoak eta estatuko zerbitzu bulegoetakoak. Komunikabideek, aldiz, musika eta entretenimendu saioak besterik ez dituzte ematen. Eta argi, telefono eta ur zerbitzuek gutxieneko zerbitzuak eskaintzen dituzte.
Atenas erdiguneko saltokiak soilik irekita zeuden goizean, baina gerorako deitutako manifestazioetan gerta zitezkeen istiluen beldur direnez, dendetako jabe asko ixteko prest zeuden.