Ekonomia -

Eskakizuna Aldundiei

Lehendakariak zerga politikei buruzko eztabaida "sakona" eskatu du

Patxi Lopezek gogorarazi du eskuduntzak Aldundien esku daudela, eta beraz, Eusko Jaurlaritzak ezin duela "alde bakarreko proposamenik" egin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak adierazi du Aldundiek eta eragile sozialek zerga politikei eta zerbitzu publikoei buruzko eztabaida “sakon eta lasai batean” parte hartu beharko luketela.

Izan ere, zerga eskuduntzak Aldundien esku daudenez, Eusko Jaurlaritzak ezin duela “alde bakarreko proposamenik” egin gogorarazi du.

Gasteizko Gobernuko buruak Eusko Legebiltzarreko tribunan egin ditu adierazpenok, Aintzane Ezenarro Aralarreko bozeramailearen galdera bati erantzunda.

Hain zuzen ere, zerga eredua erreformatzea premiazkoa dela esan du legebiltzarkide abertzaleak. Hori horrela, eskakizun zuzena egin dio lehendakariari: Eztabaida gida dezala, “noiz eta non” hasiko den ezar dezala eta mahai gainean ‘Ibilbide Orri’ bat jar dezala.

Patxi Lopezen esanetan, erakundeek eta eragile sozialek eztabaida egin behar dute zerbitzu publikoen katalogo bat ezarri, eta ondoren nola finantzatu erabakitzeko.

Nolanahi ere, lehendakariak gogorarazi du zerga politikak Aldundien esku daudela, eta beraz, Eusko Jaurlaritzak ezin duela “alde bakarreko proposamenik” egin. “Hausnarketa egiteko deia da, ez bakarrik zerga politikei buruz eztabaida egiteko, baizik eta Ongizate Estatuaren edukiari eta iraunkortasunari buruz hausnarketa sakonagoa egiteko”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea