Ekonomia -
Krisi ekonomikoa
Euskadiko aurrikuspenak jaitsi egin ditu Moody's arrisku agentziak
EAEko erakundeek azken urteetan "finantza emaitza onak" izan zituzten, baina 2008tik "testuinguru ekonomikoak zergetan bildutako dirua murriztu du".
Erredakzioa
Moody''s arrisku agentziak jaitsi egin ditu euskal administrazioen aurrikuspenak. Negatiboan jarri du ''AAA'' rating-a, bai Jaurlaritzarentzat eta baita Bizkaia eta Gipuzkoako aldundientzat ere.
Aurtengo aurrekontuetan oreka falta handia ikusten du Moody''s agentziak, eta 2008az geroztik inbertsioetarako zorpetzea asko handitu dela, zergen diru-bilketari eragin diolako krisiak.
Marisol Blazquez EAEko gobernu ezberdinetako analistak komunikatu batean azaldu duenez, erakundeek azken urteetan "finantza emaitza onak" izan zituzten, baina 2008tik "testuinguru ekonomikoak zergetan bildutako dirua murriztu du".
"2010eko aurrekontuek dituzten desorekak agerian uzten" ditu Moody''sen erabakiak, Blazquezek azaldu duenez, "administrazio bakoitzaren defizitetan eta zorpetzean ondorioak utziz epe ertainera".
Hala ere, hiru administrazioei (Araba ez dute ebaluatu) ''AAA'' rating-a mantentzea erabaki du Moody''sek, euskal erakundeek autonomia fiskal handia dutelako, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluaren eta "administrazio ezberdinen arteko elkartasuna mekanismoen" bidez.
Erreakzioak
Eusko Jaurlaritza pozik agertu da, Moody''sek Euskadiri ''AAA'' rating-a berretsi ostean, eta aurrikuspenak jaitsi izanagatik ez da kezkatu.
Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundia "pozik" azaldu da arrisku agentziak emandako datuekin, "krisi ekonomikoko egoera batean gaudelako". Era berean, nota hori "inguruko tokietan ematen ez" dela goraipatu du.
Azkenik, Gipuzkoako Foru Aldundia albisteagatik zoriondu da, krisi ekonomikoan Moody''sek lurraldeko kontu publikoei kalifikazio gorena eman dielako.