Ekonomia -
Bilera
Greziari nola lagunduko lioketen azaldu du Europar Batasunak
Finantza ministroek Greziari laguntzeko tresna osatzeko aurrerapausoak eman dituzte, baina ez dute hartu behin betiko erabakirik.
Erredakzioa
Beharrezkoa izango balitz Grezia laguntzeko modu teknikoak argitu dituzte gaur Euroguneko kideek, Jean Claude Juncker Euroguneko presidenteak iragarri duenez.
Greziari laguntzeko aparteko tresna osatzeko aurrerapausoak eman dituzte Euroguneko 16 Finantza ministroek, baina behin betiko erabakirik ez dute hartu.
Junckerrek azaldu duenez, tresna estatuburuek eta gobernuburuek zehaztu beharko dute hurrengo bileran, argitzeke geratzen diren "puntu teknikoak" adosten direnean.
Europako kideak adosten ari diren formulari buruz xehetasunik ez du eman Euroguneko presidenteak, baina maileguak lortzeko bermeak ematea baztertu egin dutela azaldu du.
"Guztien" parte-hartzea
Euroguneko kide "guztiek" parte hartuko eta lagunduko lukete erreskatean, Junckerrek esanetan.
Bestalde, Europako Batzordea, Finantza ministroak eta Europako Banku Zentrala osatzen ari diren tresna "itunekin eta Estatuetako araudiekin bateragarria" izango dela adierazi du Olli Rehn Moneta Gaietarako mandatariak.