Ekonomia -
Europako Batzordearen txostena
Europar Batasunak babestu egin du Greziaren herstura plana
"Grezia bide onetik doa orain", adierazi du Olli Rehn Moneta Gaietarako mandatariak.
Erredakzioa
Greziako Gobernuak defizit publikoa aurten lau puntu murrizteko hartutako neurri fiskalak nahikoa direla esan zuen Europako Batzordeak. Orain Batzordearen txostena ontzat jo dute gaur EBko Finantza eta Ekonomia ministroek.
"Grezia bide onetik doa orain. Greziako Parlamentuak dagoeneko dekretua onartu du, eta defizit publikoa lau puntu jaisteko neurriak aplikatzen ari dira jadanik", azaldu du Olli Rehn Moneta Gaietarako mandatariak.
Bestalde, Yorgos Papaconstantinos Greziako Finantza ministroak azaldu duenez, finantzaketa kostuen murrizketa batek ekonomiaren sinesgarritasuna hobetzea ekar dezake, doikuntzarako neurri gehiago hartu ostean.
"Hazkunde ekonomikoaren ebaluaketa errealistago batean" oinarritzen dira erreforma berriak, Rehnen esanetan. Era berean, Europako Banku Zentralak (EBZ) egindako azken aurrikuspenei garrantzia kendu die Rehnek. Aurten Greziako BPGk % 2 behera egingo duela esan du EBZk, hasiera batean estimatutakoa baino okerragoa.
Zaintzen jarraituko dute
Hala eta guztiz ere, Europako Batzordeak Greziaren egoera "zaintzen" jarraituko duela gogorarazi du Rehnek. Aurrezteko neurrien garapenari buruz txosten berri bat aurkeztuko du Greziako Exekutiboak maiatzean, bertan pentsioen sistemaren erreforma landuko du, besteak beste.
Greziak aurrezteko hartutako neurriak finantza publikoen egoera hobetzeko nahikoa izango direla uste du Rehnek, ondorioz, Euroguneko ministroek atzo adostutako laguntzarako tresnak aplikatzea ez litzateke beharrezkoa izango, "euroguneko egonkortasuna bermatzeko".