Ekonomia -

BILBON

Afrika eta Euskal Herriaren arteko lehen merkataritza foroa, abian

Koop Sf 34 enpresa elkarte afrikarrak eta Harrobia Lanbide Ikastolak antolatuta, Bilboko San Frantzisko auzoan egingo dute, martxoan. Euskal Herriko 60 enpresek hartuko dute parte.

Foroak zubiak eraiki nahi ditu euskal enpresen eta Sahara hegoaldeko Afrikako herrialdeen artean
Foroak zubiak eraiki nahi ditu euskal enpresen eta Sahara hegoaldeko Afrikako herrialdeen artean
Foroak zubiak eraiki nahi ditu euskal enpresen eta Sahara hegoaldeko Afrikako herrialdeen artean

Maider Beistegi | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal enpresen eta Afrikaren artean zubi bat eraikitzeko asmoz, Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeen eta Euskal Herriaren arteko lehen merkataritza foroa egingo dute martxoan Bilbon. Koop SF 34k eta Harrobia Lanbide Ikastolak antolatuta, Bilboko San Frantzisko auzoko Harrobia plazan egingo dute, datorren martxoaren 10ean.

Orotara, 60 enpresa eta kluster baino gehiagok hartuko dute parte, besteak beste, Tecnaliak, energiaren klusterrak, makina-erremintaren klusterrak, ingurugiroaren klusterrak, etxeko tresnen klusterrak eta telekomunikazioen klusterrak. Afrikarekin egiten den lehenengo merkataritza foroak esportaziorako eta euskal enpresak Afrikan sartzeko lagungarri izan nahi du.

Topaketa hauetan 10 herrialde baino gehiago egoteaz gain, Saharaz hegoaldeko Afrikako hogei adituk hartuko dute parte. Georges Belinga ekitaldiaren antolatzailearen arabera, foroak auzoaren ekonomian eragin handia izan nahi du. "Arazo errealei konponbide eman nahi diegu eta, azken batean, enpresen eta instituzioen interesa piztu nahi dugu Bilbon aberastasuna sortzeko eredu berri bat aurkeztuta. Afrika hazkunde handia izaten ari da, aberastasun handiak ditu lehengaietan eta bertako jende asko bizi da Europan. Lotura historikoek eta kulturalek merkataritzari ateak zabaltzen laguntzen dute, eta, horretan, Euskadik eta Bilbok kokapen ezin hobea dute".

Horren ildoan azpimarratu duenez, "foro honek zubiak eraiki nahi ditu euskal enpresen eta Sahara hegoaldeko Afrikako herrialdeen artean. Afrika ezagutzen duten merkataritza adituak eta euskal enpresak harremanetan jarri nahi ditugu. Helburua euskal industriaren bideragarritasuna aztertzea eta nazioarteko merkatuetara irteten laguntzea da. Foro honek nazioarteko merkataritza sustatu eta lagundu nahi du eta, gainera, aberastasuna eta lanpostuak sortu nahi ditu San Frantzisko auzoan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo