Ekonomia -
Lanuztea
Greba-deialdiari emandako erantzuna mugatua izan da Frantzian
Erantzun handiena hezkuntzan izan du grebak, izan ere, lehen hezkuntzan % 29,8 ez da lanera joan eta bigarren hezkuntzan % 14,9, Frantziako Gobernuak iragarri duenez.
Erredakzioa
Frantziako bost sindikatu handik greba deitu dute gaurko, Gobernuaren politika sozialean aldaketak eskatzeko eta pentsioen erreformaren aurrean presioa egiteko. Greba-deialdiari emandako erantzuna mugatua izan da goizean eta batez ere eskoletan eta trenetan eragina izan du.
Barneko abiadura handiko trenen (TGV) % 35 bertan behera geratu dira, ibilbide luzeko trenen % 40-50ak ezin izan dute zerbitzurik eman, ezta ibilbide laburreko trenen erdiak ere, Trenen Elkarte Nazionalak (SNFC) jakinarazi duenez.
Nazioarteko lineek ez dute eraginik izan, Paris Madrilekin eta Bartzelonarekin lotzen dituzten TALGo Elipsoak esaterako.
Baliteke erantzun handiena hezkuntzan izatea grebak, izan ere, lehen hezkuntzan % 29,8 ez da lanera joan eta bigarren hezkuntzan % 14,9, Frantziako Gobernuak eguerdian iragarri duenez.
Beste zerbitzu publiko batzuetan, La Poste posta enpresan adibidez, langileen % 11,45ek greba egin dute.
Sektore pribatua
Sindikatuen datuen zain, sektore pribatuan erantzuna oso mugatua izatea espero da.
Lan Konfederakunde Orokorrak (CGT), Frantziako Langileen Konfederakundeak (CFDT), Sindikatu Autonomoen Batasun Nazionalak (UNSA), Solidarioak eta Sindikatu Federakunde Bakarrak (FSU) protestan bat egitea erabaki zuten, nahiz eta mezuan akordiorik ez lortu, batez ere pentsioen erreformaren aurrean izan beharreko jarreraren inguruan.