Ekonomia -

Bidaia ofiziala Brasilen

Lehendakaria Lula da Silvarekin batzartuko da gaur Brasilian

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak iragarri du euskal enpresen ordezkariak itzuli egingo direla Brasilera, "proposamen zehatzak" helarazi eta herrialde hartan "inbertsio handiak" egiteko xedez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakaria Lula da Silva Brasilgo presidentearekin batzartuko da gaur arratsaldean, herrialde hartan egunotan egiten ari den bidaia ofizialaren baitan.

Bilera 19:00etan izango da (Euskadiko ordua), Brasilia hiriburuan.

Aldez aurretik, baina, Euskadiri buruzkoa izango den eta Brasilgo enpresaburuentzat zuzenduta egongo den mintegi batean hartuko du parte.

Orain arte, lehendakaria eta EAEko 120 enpresaburu Brasilen egiten ari diren biran bi albiste on izan dituzte. Alde batetik, Gerdau taldeak Sidenorren Euskadiko lantegietan gehiago inbertituko duela; eta bestaldetik, Beasaingo CAF enpresak Rio de Janeiroren eta Sao Pauloren arteko abiadura handiko trenean parte har lezakeela.

CAF eta abiadura handia

Hain zuzen ere, lehendakaria eta Bernabe Unda Industria sailburua CAFek Horolandian (Sao Paulo) duen lantegian izan ziren atzo.

Lantegi hori euskal konpainiaren bigarren handiena da, Beasaingoaren atzetik. Bertan 800 pertsonak egiten dute lan, eta aurten 400 auto inguru ekoitziko dituzte, hots, CAFek mundu osoan egiten dituenen %20-30.

Bozeramaile batek zehaztu duenez, hurrengo hilabeteetan eta urteetan izango dituzten erronka nagusiak honakoak dira: Brasilen hedatzen jarraitzea eta Sao Pauloren eta Rio de Janeiroren arteko abiadura handiko trenaren esleipena lortzea.

Brasilgo agintariek aurten bertan esleituko dituzte obrak, baina urrian Presidentetzarako hauteskundeak daudenez, baliteke prozesua atzeratzea.

Gerdau taldearen inbertsioa

Astelehenean Brasilen hasitako biran baitan, Patxi Lopez Gerdau taldeko presidentearekin ere bildu da.

Lehendakariak kezka agertu dio Sidenor konpainiaren akziodun nagusiak Legazpin duen lantegiari buruz, urte hasieratik geldirik baitago.

Hori horrela, Jorge Gerdauk azaldu du 55 milioi euro inbertituko dituztela Espainian dituzten bost lantegietan (lau Euskadin daude: Basauri, Gasteiz, Azkoitia eta Legazpi).

Hain zuzen ere, Basaurin 20 milioi euro ezarriko dituzte, 12 Azkoitian eta hiru Gasteizen. Legazpiko inbertsioa, ordea, ez du zehaztu.

Lopez lehendakariak iragarri du Gerdau taldeko presidenteak Euskadi bisitatu asmo duela.

"Inbertsio handiak" Brasilen

Testuinguru honetan, lehendakariak iragarri du hainbat euskal enpresaren ordezkariak itzuli egingo direla Brasilera, "proposamen zehatzak" helarazi eta "inbertsio handiak" egiteko xedez.

Halaber, Gasteizko Exekutiboak Euskadira joateko bidaiak antolatuko ditu Brasilgo erakundeentzat, euskal enpresek haien garapen beharrentzat eskaini liezaieketen "konponbide integralak" ezagutzeko.

Agiri batean, Jaurlaritzak azaldu du jada zehaztu dituztela "oportunitate espazioak", eta hurrengo urteetan aztertu egingo dituztela euskal enpresek.

Lopezen Gobernuak harrera egin die Brasilen dauden euskal enpresen ordezkariei, eta bertan aztertu egin dituzte bidaiaren lehen emaitzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea