Ekonomia -
Lan gatazka
Grebaren jarraipena %3koa izan da, Renferen arabera
Bere aldetik, CGT sindikatuak esan du % 85ekoa izna dela. Hori bai, greba egunean normaltasuna izan da nagusi, bi aldeek azaldu dutenez.
Erredakzioa
Renferen arabera, grebaren jarraipena % 3koa izan da; greba deitu duen CGT sindikatuak, berriz, jarraipena % 75-%85 artekoa izan dela adierazi du, aipatu sindikatu eta tren konpainiak jakinarazi dutenez.
Renfek azaldu duenez, 13.300 bidaiariri eragin die greba, baina hala ere, egunean normaltasuna izan da nagusi, ez da istilurik izan eta zerbitzu minimoak bete dira, "eta ez da atzerapen nabarmenik izan", agiri batean azpimarratu dutenez.
Renfek eskainitako datuak ez dituztela ulertzen esan dute sindikatuko iturriek; izan ere, "atera diren 5.000 trenetatik 2.000 bertan behera gelditu dira".
Iturri berdinen arabera, zerbitzu minimoak baino tren gehiago erabiltzen saiatu da Renfe, eta langileei diziplina espedientea zabaltzeko mehatxua egin diete ere.
Sustapen Ministerioak ezarritako minimoek zerbitzuaren % 65 eta % 75 artean betetzea bermatu du. Izan ere, aurreikusitako bidaia kopurua handia da Aste Santuko irteera operazioarengatik.
Renfek gogorarazi du hiru alternatiba eskaini izan dizkiela bertan behera geratu diren trenen kasuan. Erabiltzaileek ondorengo trenen bat har zezaketen, txartela beste egun batean erabili edo dirua itzultzea eskatu.
CGTk ere, greba egunean normaltasuna nagusi izan dela azpimarratu du, baina protestan parte hartu duten langileen portzentaia % 85eraino igo du.
Zerbitzu minimoak
Tren motari dagokionez, Aldirikoen kasuan, zerbitzu minimoak % 75era iritsi dira eskari handieneko orduetan (06:00ak eta 09:00ak artean, 13:30 eta 15:30 artean eta 18:30ak eta 20:20 artean). Gainerako orduetan % 40tik % 45erako zerbitzuak eskaini dituzte.
Distantzia Luzeko trenen kasuan, bai AVEn bai ohikoan, Renfek zerbitzuaren % 72 ziurtatu du, eta distantzia erdikoetan % 65 batez beste.
Prentsa-agiri batean, Adifek azaldu du CGTk greba deitzeko arrazoi nagusia "soldatetan" dagoela.
Konpainia publikoak azaldu du iragan abenduan Adifek 2010eko lan-hitzarmena luzatzeko akordioa sinatu zuela sindikatuen gehiengoarekin eta enpresa batzordearekin, baina CGTk ez zuela bat egin.