Ekonomia -

Nafarroako Parlamentua

AHTren hitzarmena sinatzeko baimena jaso du Nafarroako Gobernuak

Nafarroako Parlamentuak Exekutiboari baimena ematea erabaki du talde politiko guztien babesarekin, Nafarroa Bai kenduta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abiadura Handiko Trenaren Nafarroako ibilbidea egiteko obrak finantzatzeko hitzarmena gaur Estatuarekin sinatzeko baimena jaso du Nafarroako Gobernuak Parlamentuan. Osoko bilkuran talde politiko guztiek babestu dute hitzarmena, Nafarroa Baik izan ezik.

"Hitzarmenik onena, momenturik onenean, azpiegitura onenarentzat", esan du Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak parlamentarien aurrean, ez ohiko osoko bilkuran.

Iragan astean lortutako akordioak Estatua, Nafarroa eta ADIFen lankidetzaren baldintzak ezartzen ditu, Abiadura Handiko Zaragoza-Iruña linea Nafarroan eraikitzeko eta 2015ean martxan izateko, Kantauri-Mediterraneo korridorearen lehen fase gisa.

Lanak 2011n hasiko dira eta 2015ean amaitzea espero dute. Horrela, obraren kostuko 675 milioi eurotik 387 Foru Erkidegoak ordainduko ditu (gainerako 287ak ADIFek jarriko ditu). Hala ere, diru hori 2013tik aurrera Nafarroa-Estatua Hitzarmenetik deskontatuko diote Erkidegoari.

Horregatik, Nafarroa zorpetu egin beharko da eta 45 milioi euroko gastuaz arduratu, Nafarroako Exekutiboak egindako azken kalkuluaren arabera. Obraren aurrerapena dela-eta, kostu hori izango du Foru Erkidegoarentzat.

Nafarroak eskatu bezala, finantzaketa hori Estatuaren zor bezala agertzea aurrikusten du akordioak, horrek etorkizunean egin beharreko inbertsioetan Nafarroaren zorpetzeko ahalmena ez mugatzeko.

Ministroen Kontseiluak iragan astean baimendu zuen akordioa eta Nafarroako Parlamentuak orain egin du. Horrela, hitzarmena gaur sinatuko dute Jose Blanco Sustapen ministroak, Miguel Sanz Nafarroako presidenteak eta ADIFeko arduradunak Iruñean.

Eztabaida

Hitzarmena defendatzeko ardura Sanzek izan du Parlamentuan eta parlamentariei babesa eman dezaten eskatu die, obren "zati handi bati baliabide propioekin aurre egiteko Nafarroak planteatutako premisa guztiak jazotzen dituelako". Carlos Garcia Adanerok (UPN) Sanzen hitzak berretsi ditu eta hitzarmenarekin "pozik" agertu da.

Obraren "onurak" nabarmendu ditu Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak. Bestalde, "azkenean ere hitzarmena izango dugu", adierazi du Jose Andres Burguete CDNko presidenteak, "estrategikoa" den inbertsio batentzako.

Sinadura formala atzeratu izanagatik kexu azaldu da Koldo Amezketa Nafarroa Baiko bozeramailea eta hitzarmena "txarra eta hobe" daitekeela erantsi du, "gabeziak" dituelako eta "nafarren patrikentzako oso garestia izango delako". Azkenik, Ana Figueras IUNko bozeramaileak "baietz kritiko" bat azaldu du, baina "beharrezko azpiegitura" dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea