Itxi

Ekonomia

Lan gatazka

Arcelorren batzorde europarrak presioa egingo du euskal fabriken alde

agentziak | erredakzioa

Konpainiako enpresa-batzordeak Europa mailan duen idazkari Didier Zint Bilbon izan da, ostegun honetan, ArcelorMittalek Sestaon eta Zumarragan dituen lantegietako langileei babesa emateko.

1:27

ArcelorMittaleko Europa mailako enpresa-batzordeak presioa egingo dio konpainiari Sestao eta Zumarragako fabriketan lanpostuei eta jarduerari eusteko. Batzordeak Europa mailan duen idazkari Didier Zint Bilbon izan da gaur, EAEko bi lantegi horietako langileei babesa ematea xede.

Sestaoko fabrika geldirik dago, eta ez dago ezarrita jarduera berreskuratzeko datarik; Zumarragakoak, aldiz, partzialki du geldituta jarduera, zuzendaritzak iragarri zuenez. Lehenak 335 langile ditu, adostutako EEE egoeran, eta bigarrenak, ordea, 325.

Zintek prentsaurrekoa eman du Bilbon, CCOO, UGT eta ELAko sindikalistekin batera; hala ere, hitz egin duenean oraindik ez zuen egina bilera Arcelor Espainiako giza baliabideetako zuzendaritzarekin. Gerora emango dute jakitera zer hitz egin duten bertan.

Zintek deitoratu du ez dela erreza izan Bilbora langileei babesa emateko etortzea; izan ere, enpresak ez dio erraztu babes-lan hori.

Irtenbidea, Euskadin

Sestao eta Zumarragako fabriken irtenbidea Euskadin negoziatu behar dutela esan badu ere, sindikalistak azaldu du nola Europa mailako batzordea haien alde dagoen, eta esan du presioa egingo diotela Arcelorri bi lantegien jarraipena lortzeko.

Lehenik eta behin, bilera eskatuko dute zuzendaritzarekin; hori beharko lukete, jakiteko bertatik bertara zergatik dago bertan behera jarduera bi lantegietan, zer dela eta hartu den erabakia.

Helburua da bilera izatea produktu lauetako eta luzeetako Europa mailako arduradunekin; izan ere, Sestaon eta Zumarragan bi produktu-mota horiek ekoizten dituzte, eta bakoitzak espezializazio-maila jakin bat du. Hori dela eta, bietako etorkizunak independenteak dira.

Zumarragakoa, nazioarte mailakoa

Gainera, batzordeak nahi du Zumarragako auziak nazioarte maila izatea; argudioa da jarduera beste herrialde batzuetara eraman nahi dutela. Kalifikazio hori lortuko balitz, lege-prozesu bat abiatuko litzateke, non enpresak informazioa eman behar duen eta Europako enpresa-batzorderen iritzia entzun behar duten; "beste gauza bat da ea gero kontuan hartzen duten", onartu dute sindikalistek.

Asmoa da "lana bermatzea, fabriketarako inbertsioak lortzea eta horretarako babes politikoa eskatzea", amaitu du Zintek.

LABek salatu du bileratik baztertu dutela

LAB sindikatuak salatu du baztertu egin dutela ArcelorMittalen Europako enpresa-batzordeak Bilbon ostegun honetan izandako bileratik.

Agiri batean, sindikatuak zehaztu du nola Sestaon eta Zumarragan dituen ordezkariak bertaratu diren, Europako batzordeak gonbidatu zituelako, CCOO sindikatuaren Bilboko egoitzan. Dena dela, LABek adierazi du bere ordezkariei ez dietela utzi bileran sartu; hori dela eta, bertatik alde egitea erabaki dute.

Bilera zuzendaritzarekin

Zumarragako batzordeak, bestalde, ostiralean iragarriko du, langileen asanbladaren ostean, zuzendaritzak datorren astelehenerako, Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan, Donostian, deitu duen bilerara joango den ala ez.

Enpresako langile batzordeko iturriek azaldu dute atzo arratsaldean elkartu zirela, bigarren egunez jarraian bilerarekin egitekoa zuten bilera, lekuarekin ados jarri ez direlako, bertan behera geratu ostean.

Mobilizazioak

Mobilizazioen egutegiari eta Donostian Aldundiaren egoitza parean ostiralean egin behar zuten elkarretaratzeari dagokienez, langileen ordezkariek esan dute lehenengo langileekin jorratuko dutela gaia, eta "guztia enpresaren jarreraren mende" dagoela.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena