Ekonomia -
Lan gatazka
Ostegunean hasiko dute kontsulta epea Zumarragako ArcelorMittalen
Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak ostegunean 11:00etan egingo dute bilera Zumarragako lantegian, behin txosten teknikoa eta juridikoa eskuan dituztela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Kontsulta epea ostegunean hastea adostu dute Zumarragako ArcelorMittaleko enpresa batzordeak eta zuzendaritzak Donostian gaur egin duten bileran.
ArcelorMittaleko 100 langile inguru elkartu dira Preco Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzaren aurrean, hain zuzen ere, bilera egin den tokiaren atarian. Hitzordua 12:30ean hasi da eta Zumarragako lantegiaren etorkizuna izango dute hizpide; izan ere, zuzendaritzak Zumarragako lantegiaren itxiera partziala eta langileen birkokatzea iragarri zuen.
Mobilizazioan "Arcelor ez itxi" edota "Terrorismo industrialari ez" idatzita zeramaten kartelak erakutsi dituzte langileek eta horien babesa ematen izan dira Irabaziko eta Ahal Duguko ordezkari politikoak.
Bileraren ostean kazetarien aurrean egindako adierazpenetan Leo Bote enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, langileak birkokatzeko eta beharginen lan-baldintzak nabarmen aldatzeko asmoa agertu du zuzendaritzak. Bien bitartean, Zumarragako lantegiaren "industria jarduera" mantentzea aldarrikatu dute langileen ordezkariek.
Boteren esanetan, zuzendaritzako ordezkariek ez diete inolako informaziorik eman eta aurreratu die ostegunean 11:00etatik aurrera Zumarragako lantegian egingo duten bileran emango dizkietela azalpenak eta itxiera partziala arrazoitzeko txosten teknikoa eta juridikoa. Gaineratu duenez, kontsulta epea ostegunean hastea adostu dute bi aldeek, behin txosten teknikoa eta juridikoa eskuan dutela.
Gaurko bilera egiteko tokia eztabaidarako gai izan da: zuzendaritzak Donostian egin nahi zuen bilera eta enpresa batzordeak, ostera, Zumarragako lantegian. Ostiralean, ordea, Zumarragako langileek bilera lantegitik kanpo egitea onartu zuten asanbladan.
Tokiari buruzko eztabaida hori zela-eta, bertan behera gelditu ziren aurreko asterako bi aldeen artean iragarrita zeuden bi bilera.
Ostiralean langile ordezkariak Donostiara joan ziren zuzendaritzaren elkartzeko asmoz, langileen 24 orduko lanuztearekin bat eginez. Hala ere, zuzendaritzak ezin zuela bilera egin adierazi zuen agenda arazoak tarteko eta, ondorioz, gaurko jarri zuten hitzordua.
Bestalde, ostiraleko batzarrean langileek hurrengo egunetarako mobilizazio egutegia onartu zuten. Horrela, lan gatazkak irauten duen bitartean langileek kontzentrazioak egingo dituzte asteartero 13:00etatik 15:00etara lantegiaren aurrean. Apirilaren 8an manifestazioa egingo duten Sestaoko ACBko langileekin batera Bilbon, Iberdrolako Akziodunen Batzarraren harira eta apirilaren 12an, berriz, 24 orduko lanuztea egingo dute.
Eusko Jaurlaritzaren proposamena lanerako oinarri bezala onartu du enpresa-batzordeak
Eusko Jaurlaritzak martxoaren 22an egindako proposamena ?lanerako oinarri bezala? onartu du Zumarragako enpresa-batzordeak.
Arratsaldean Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Urretxu, Zumarraga, Legazpi eta Ezkio-Itxasoko udalak enpresa-batzordearekin bildu dira goizeko batzarra aztertzeko.