Ekonomia -
Eraldaketa digitala
BBVAk epe laburrean ez du bulegorik itxiko
Hala ere, bankua eraldaketa digitalera bideratuta dagoela eta etorkizunean bulegoak itxi beharko dituztela azaldu dute BBVAko iturriek.
Agentziak | Erredakzioa
Santander bankuak 450 sukurtsal txiki itxiko dituela iragarri du, baina BBVAk ez du epe laburrean Espainian dituen bulegoen kopurua (3.800 bulego) murrizteko asmorik.
2015eko abenduan, Francisco Gonzalezek zuzendutako bankuak 3.811 bulego zituen Espainian, 2014an baino % 22 gehiago. Halere, bankua eraldaketa digitala egiteko prest dagoela eta etorkizunean bulegoak itxi beharko dituztela azaldu dute BBVAko iturriek, baina kopuru zehatzik eman gabe.
“Espainian 3.800 sukurtsal ditugu. Ba al du zentzurik?”, galdetu du Carlos Torres BBVAko kontseilari delegatuak Bloomberg-en, Kopenhageko Money20/20 Europa finantza-teknologien bilkuran.
‘Online’ bankua
Galdera horri ezetz erantzun ondoren, beste galdera bat egin du, eta berak erantzun dio horri ere. “Murriztu ahal ditugu? Bai”, esan du Torresek. Epe luzean bulegoak itxi egingo dituztela iragarri du arduradunak. Teknologia eta ‘online’ bankua direla eta, “urte asko barru” sukurtsalak itxi beharko dituztela esan du.
Aurrekaririk ez duen ohitura aldaketa baten aurrean gaudela ohartarazi du BBVAko kontseilari delegatuak; izan ere, azken hiru urteetan teknologiak bankuetako bezeroen ohiturak aldatu ditu, mugikorraren bidez “gero eta operazio gehiago” egiten dituztelako.
“Ondorioz proposamena aldatu behar izan dugu, gure bezeroei bankurik onena eskaintzeko eta operazioak bat-batean egiteko irtenbideak emateko, nahi duten lekuan”, azaldu du Torresek.