Ekonomia -
'Fenix' operazioa
160.000 euro atzeman dizkiote Conderi, enpresa, bulego eta etxeetan
Mario Condek asteazkenean deklaratuko du seguruenera. Guardia Zibila 14 ordu baino gehiagoan aritu zen zazpi miaketetan.
agentziak | erredakzioa
Mario Conde Banestoren presidente ohia atxilotu zuten Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboko (UCO) agenteek 160.000 euro topatu zizkioten atzo, astelehena, egindako zazpi miaketetan, ikertzaileek Eferi azaldu diotenez.
Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak eta Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak gidatu dituzte UCOren lanak 'Fenix' operazioaren baitan. Izan ere, atzo 14 ordu baino gehiago eman zituzten Mario Conderen etxebizitzan, Triana Madrileko kalean, eta beste sei miaketa egin zituzten zenbait enpresa, bulego eta etxebizitzatan.
Guztira, bost miaketa egin zituzten Madrilen (hiriburua), beste bat Torrejon de Ardozen duten kosmetika enpresan, eta azkena Ourenseko etxe batean.
Efek kontsultatu dituen iturrien arabera, miaketetan, 160.000 euro aurkitu zituen Guardia Zibilak, eskudiruan.
Conde Guardia Zibilak Tres Cantosen (Madril) duen Komandantzian dago atzotik, agenteen aurrean deklarazioa egin dezan, epailearen esku utzi aurretik, seguruenik, bihar bertan.
Conde eta bere bi seme-alabak (Mario eta Alejandra) azkenak izango dira deklaratzen. Atzo atxilotu zituzten hirurok, Francisco Javier de la Vega, Francisco de Asis Cuesta, Maria Cristina Alvarez eta Roland Stanekin batera.
Guardia Zibilak, baina, aske utzi zuen Fernando Guasch Vega-Penichet zortzigarren atxilotu eta Conderen suhia. Orain epaileak deklaratzeko deituko ote duen zain dago.
Felix operazioaren baitan atxilotutako guztiei dirua zuritzea, organizazio kriminalaren kide izatea eta zenbait delitu fiskal egitea leporatu diete. Antza, enpresa sare bat sortu zuten Espainian eta atzerrian Condek Banestotik lapurtutako dirua zuritzeko eta Espainiaratzeko eta, ikertzaileen esanetan, gutxienez 13 milioi euro eraman dituzte Espainiara.