Ekonomia -

Fenix operazioa

Mario Condek Pedraz epailearen galderei erantzun beharko die gaur

Bankari ohia 08:45ean heldu da Auzitegi Nazionalera. Guardia Zibilaren UCO unitate bereziaren aurrean izan ziren atzo atxilotuak; Condek eta haren seme-alabek deklaratzeari uko egin zioten.

Conde, Auzitegira eraman duen furgoian. EFE
Gaur deklaratuko du Mario Condek epailearen aurrean

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Conde Banestoko presidente izandakoa 08:45ean heldu da Auzitegi Nazionalera. Bankari ohiak deklarazio eguna du gaurkoa Santiago Pedraz epailearen aurrean. Besteak beste, Banesto banketxetik ustez ostutako dirua zuritzea eta gaizkile taldea osatzea leporatu dio honek.

Guardia Zibilaren furgoi batean heldu da Conde Auzitegira. Gaua Tres Cantoseko kuarteleko kalabozoetan eman du. Atzo ez deklaratzeko eskubideari heldu zion, eta ez zizkien Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboko (UCO siglak, gaztelaniaz) agenteen galderei erantzun.

Mario eta Alejandra seme-alabak eta gainerako atxilotutakoak modu bertsuan heldu dira. Horiek ere ez zuten atzokoan deklaratu.

Ikerlarien arabera, Banesto banketxearenak ziren 13 milioi euro atzerritik Espainiako Estatura ekarri zituen Condek apurka-apurka, kopuru txikitan, 1999tik. Zortzi herrialdetan dirutza izanik ere, 'Banesto auzia' eta 'Argentia-Trust auzia' epaitu zituztenean ezarritako kalte-ordainak pagatzeko dirurik ez zuela esan zuen, eta kartzelatik ateratzeko bermea ordaintzeko dirua eskatu egin zuen.

Astelehenean atxilo hartutako zortzi lagunei honako delituak egotzi dizkiete: kapitalak zuritzea, gaizkile taldeko kide izatea, epaiak betetzea galaraztea eta Ogasun Publikoaren kontrako zortzi delitu. Dirutza aberriratzeko enpresa sarea sortzea leporatu diete denei.

Conde bera eta horren bi seme-alabak eta suhia ez ezik, Francisco Javier de la Vega abokatua eta hiru izen-mailegatzaile ere atxilotu zituzten. Fernando Guasch Vega-Penichet, Alejandra Conderen senarra, aske utzi zuen atzo Guardia Zibilak, baina ikertu gisa jarraitzen du. Epaileak erabaki beharko du deklaratzera deitu edo ez.

Dirutza, herentzia batena

Francisco Javier de la Vega Mario Conderen familiaren abokatu eta Fenix operazioan atxilotuetako batek Guardia Zibilari atzo esan zionez, atzerritik Espainiaratutako dirutza herentzia batena zela uste zuen, ez Banestorena.

De la Vegaren hitzetan, Lourdes Arroyo Conderen lehen emaztearen aitak herentzian utzitako dirua kudeatzeko eskatu zion Conde-Arroyo sendiak, eta berak halaxe egin zuen. Hori izan zen behinik behin bezeroek emandako bertsioa, horren esanetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia albisteak Iruzurrak bideoak Ekonomia Albisteak