Ekonomia -

Lan Eskaintza Publikoa

Arabako Aldundiak 70 plazako LEPa onartuko du aurten

Unibertsitate titulu ertain eta goi-mailakodunen taldeetarako izango dira.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Aldundiak 2016ko bigarren seihilekoan onartuko du lan eskaintza publiko bat (LEP), 60 eta 70 plaza bitartekoa, foru aldundiko kualifikaziorik handieneko taldeetarako (A eta B taldeak), alegia, unibertsitate titulu ertain eta goi-mailakodunen taldeetarako. Deialdiaren ezaugarriak eta oinarriak negoziatzen ari da sindikatuekin, Aldundiak jakitera eman duenez.

Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak gaur eman du jakitera asmo hori Arabako Batzar Nagusien aurrean agertu denean, eta nabarmendu du plantilla berritu eta “egonkortasunez hornitu” beharra dagoela, “zerbitzu publikoek epe ertainean kalitatea izango badute”.

Gonzalezek, bere agerraldian, sindikatuekin negoziatzen eta eztabaidatzen ari diren gai guztiak azaldu ditu (lan egutegia, lan poltsak, lanpostuen zerrenda, prestakuntza, euskara, segurtasuna eta laneko osasuna eta abar), eta ziurtatu du urratsak egiten ari direla langile publikoei Rajoyren Gobernuaren murrizketen aurretik zeuzkaten lan baldintzak itzultzeko.

Foru diputatuak nabarmendu du LEPerako hurrengo deialdia ere negoziazio mahaian dagoela foru plantillak dituen hiru arazo egiturazko konpontzeko baliabide gisa erabiltzeko: bitarteko langileen tasa % 23 baino handiagoa izatea; langileen batez besteko adina (51 urte) oso handia izatea; eta lan poltsak zaharkiturik eta/edo agorturik egotea. “Gogorarazi beharra dago azken lan eskaintza publikoa duela ia hamabi urte izan zela”, adierazi du.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren saileko titularrak azaldu du asmoa duela agintaldian zehar hainbat LEP mailaka onartzeko, behar bezala kudeatu ahal izatearren, eta eskaintza masibo batek erakundearen funtzionamendu arrunterako izango lituzkeen arriskuak saihestearren. Lehenbiziko LEPa 2016ko bigarren seihilekoan onartuko da, zehaztu du, urte honen amaieran seguruenik, eta hautaprobak 2017an egingo dira.

“Estatuko Aurrekontuen Legeak ezartzen duen % 100eko birjarpen tasa bat dator Arabako Foru Aldundiaren A eta B taldeenarekin, eta, hori dela eta, lehenbiziko LEPean hiru talde horietako plaza hutsak eskainiko dira. Zenbat plaza eskainiko diren zehazki negoziatzeko dago oraindik sindikatuekin, baina 60 eta 70 lanpostu bitartean izango dira”, zehaztu du.

Funtzio Publikoko Zuzendaritzako arduradunek eta langileen ordezkariek osatutako batzorde bitariko bat ari da negoziatzen lehenbiziko lan eskaintza publiko hau duela hainbat astetik, zenbat plaza eta nolakoak eskainiko diren eta deialdiaren oinarriak. Batzorde horrek bi bilera egin ditu dagoeneko, eta asmoa da beste hirugarren bat egin dezan datorren astean.

Azkenik, adierazi du sindikatuekiko harremanean elkarrizketa eta negoziazioa direla nagusi agintaldia hasi zenetik. “Badira desadostasunak, logikoa eta ohikoa denez, baina adostasunak ere bai. Bai alde bat bai bestea, gainera, bat gatoz elkarrizketa ezinbestekoa dela akordioak lortzeko giro bat sortzeko”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Enplegu Eskaintzak 2024 Arabako Foru Aldundia albisteak