Ekonomia -
Lan gatazka
Lanuzteak deitu dituzte Bizkaibusen maiatzerako eta ekainerako
Sindikatuek salatu dutenez, enpresak "beharginen lan baldintzak kaskartzen saiatzen ari dira".
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaibusen ordezkaritza duten sindikatuek bi, hiru eta lau orduko lanuzteak deitu dituzte maiatzerako eta ekainerako, Bizkaiko autobus zerbitzu publikoa eskaintzen duten enpresek beharginen lan-baldintzak kaskartu nahi dituztela salatzeko.
Kontzesioa duten enpresetako batzordeen eta UGT, CCOO, ELA eta USO sindikatuetako federazioen ordezkariek lanuzteen deialdia aurkeztu dute ostiral honetan Eusko Jaurlaritzan.
Sindikatuok ohar batean azaldu dutenez, lanuzteak bi ordukoak izango dira, goizeko zein arratsaldeko txandan, maiatzaren 4,9, 12, 16, 18 eta 20an. Hiru ordukoak maiatzaren 23tik 26ra, eta lau ordukoak, maiatzeko azken egunetan eta ekainaren lehen 10 egunetan.
Hitzarmenak berritzerakoan, “lan-baldintzak okertzeko ahaleginetan” ari direla enpresak salatu dute mobilizazioen deitzaileek. Halaber, 2013an Bizkaiko Aldundiak eta sindikatuetako ordezkariek izenpetutako akordioa ez dela bete esan dute.
Besteak beste, autobus-zerbitzuen esleipen berriak egiterakoan, ordura arteko (2013ko urria) lanpostuei eustea adostu zuten aldeek. Sindikatuen esanetan baina, akordioaren atal hori ez dute bete erakundeek, azken urteotan “lanpostuak amortizatu” direlako. Gainera, Aldundiak arazoa ez duela bere gain hartu nahi salatu dute. “Beste aldera begiratzen ari da, lan-gatazka bat dela esanez”, esan dute.
Hori dela eta, Bizkaiko Aldundiaren atarira eramango dituzte protestak, apirilaren 19an eta 26an. Bilkurak egingo dituzte bertan.