Ekonomia -
Madril
Grezia eta aurrekontuen gaineko kontrola, Ecofineko gai nagusiak
Europar Batasuneko Finantza ministroek gaur eta bihar egingo dituzten bileretan aurrekontuen gainean kontrolerako sistemak ezartzea izango dute hizpide, gehiegizko defizitak saiheste aldera.
Erredakzioa
Madrilen gaur hasi eta bihar arte iraungo duen Ecofin bileran Europar Batasuneko estatuen gehiegizko defizita saihesteko neurriak izango dituzte hizpide. Hala, estatuetako aurrekontuen gaineko kontrol sistemak ezartzeko moduaz hitz egingo dute.
Europar Batasuneko Finantza ministroen bileran, Espainiak zergen berrikusketarako mekanismoak indartzea aldarrikatuko du, izan ere, EBko 20 estatutan oso handia da defizita eta aurten "gehiago" izan daitezke, Elena Salgado Espainiako presidenteordeak jakinarazi duenez.
Salgadok, Ecofinen bilerako anfitrio izango denak, estatuetako aurrekontuen gainean kontrol handiagoa ezartzeak duen garrantzia azpimarratu du. Espainiako Estatuan Barne Produktu Gordinaren % 11,2ra iritsi zen administrazio publiko guztien defizita.
Zigorrak gogortzea
Europako Batzordeak gehiegizko defizit publikoa duten estatuei zigorrak gogortzea proposatu zuen atzo. Era berean, aurrekontuak ikuskatzea eta Greziari krisitik irteteko emandako laguntza mekanismoak behin betiko ezartzea ere galdegin du.
Atzo bertan, Greziak maileguen egutegi bat egiteko elkarrizketak hastea eskatu zion Europako Batzordeari, Europako Banku Zentralari eta Nazioarteko Diru Funtsari.