Ekonomia -

Gaztela-Mantxa

Ciudad Realeko aireportua 56,2 milioi eurotan saldu dute

Egin zutenean, 450 milioi euro inbertitu zituzten. Salmenta-prozesua 2013an hasi zen; urte hartan jarri zuten salgai konkurtso-administratzaileek.

Ciudad Realeko aireportua. Argazkia: EFE.
Ciudad Realeko aireportua. Argazkia: EFE.
Ciudad Realeko aireportua. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ciudad Realeko aireportua 56,2 milioi eurotan saldu diote CR International Airport SL merkataritza-enpresari, Carmelo Ordoñez epaileak gaur jakitera eman duenez. 450 milioi euro inbertitu zituzten egiteko, eta, salmentarekin, 2013an abiatutako prozesu bat burutu da; izan ere, urte hartan jarri zuten salgai konkurtso-administratzaileek.

Ciudad Realeko epaileak aipatu azpiegitura erosteko eskaintzak egin dituzten bost enpresekin egin du bilera. Epaileak ondorengo egunetan emango ditu datu gehiago, operazio honen gainean, eta esan du "pozik egoteko eguna" dela gaurkoa.

Proposamen "serioa", "lanpostu asko" sortuko dituena

Ordoñezek erantsi du nola hurrengo egunetan jakinaraziko dien AENAri, Abiazio Zibilari, Gobernuaren Ordezkaritzari eta tartean dauden gainerako administrazioei aireportua saldu dutela, xede izanik tramitatzea lizentzia azpiegitura honetatik berriro jarduteko. Aurkeztutako proiektuaren gaineko xehetasunik eman ez baditu ere, esan du proposamena "serioa" dela, eta berorrek "lanpostu asko" sortuko dituela.

Epaileak iragarri duenez, Givenchiko Richard Taffini eta Orden 12 Taldeko abal-emaileari testigantza prozesala deduzituko zaie; izan ere, baieztatu dute biek aurkeztu zutela abal faltsua. Epaileak uste du biek engainatu dutela epaitegia, eta horregatik biak kaleratu dituzte prozesutik.

Abalak aurkezteko deitu dituzte

Epaileak gaur goizerako zituen deituak Orden 12 Taldea eta Givenchiko Richard Taffin enpresak, aireportua erosteko lehen eskaintzak egin dituzten konpainiak, eta eskaintza egin duten gainerako hirurak: N.Space, Global 3 Aereo eta CR International Airport S.L.

Bost enpresek aurkeztu behar zituzten gaur abalak, behin betiko esleipena jasotzeko aukera izateko.

Epaileak, otsailaren amaieran, 50 euro ezarri zituen gutxieneko prezio Ciudad Realeko aireportua erosteko enkantean eskaintza egin ahal izateko. Aireportua egiteko, ordea, 450 milioi inbertitu zituzten.

Ciudad Realeko aireportuaren salmenta-prozesua 2013ko abenduan hasi zen. Orduan, 2010eko ekainean hartzekodunen lehiaketan sartu ostean, salgai jarri zuten konkurtso-administratzaileek, 100 milioi eurotan. Ordutik hona, azken urteotan zenbait eskaintza izan dira, aireportua erosteko (hamar baino gehiago); hala ere, ez da salmenta gauzatu, gaur arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Ekonomia 2024 Gaurko azken ordukoa